Epaia

LABek salatu du «jarrera arrazista eta biolentoei» aurre egiteagatik zigortu dutela Joseba Alvarez

«Autoritateari erresistentzia» egitea leporatuta, 240 euroko isuna ezarri diote Alvarezi. Donostiako Udaltzaingoak duela hiru urte Moussa Saw kaleko saltzailea atxilotu zuenean izan zuen jarrera zigortu diote. Udaltzaingoaren «azpijokoak porrot» egin duela uste du LABek.

Joseba Alvarezen kontrako epaia baloratzeko agerraldia, gaur goizean, Donostiako Udalean. LAB
Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 13a
13:14
Entzun

Donostiako Parte Zaharrean 2018an gertatutako atxiloketa bat oztopatu izana leporatuta, 240 euroko isuna jaso zuen atzo Joseba Alvarez ezker abertzaleko kide eta LABeko delegatuak. Donostiako Udaltzaingoa San Jeronimo kalean Moussa Sow kaleko saltzailea atxilotzen ari zela, euren jokabidea aurpegiratu zien Alvarezek udaltzainen, haren arabera, «modu txarrean» eta «indarkeria» handiz ari baitziren Sowen kontra. Udaltzainek bien kontrako salaketa jaso zuten, eta fiskaltzak nahiz Donostiako Udalak —akusazio partikular gisa aurkeztu baitzen— urtebeteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu zuten Alvarezentzat, «agintaritzaren kontrako atentatua» egitea egotzita. Epaileak, baina, ez du frogatutzat eman halakorik izan denik, eta, zigor txikiagoa jarri arren, «autoritatearen kontrako erresistentzia» egotzi dio.

Atzo jakin zen epaia, eta Donostiako Udaleko LABeko sail sindikalak agerraldia egin du gaur, zigorra salatzeko. Epaiak «polizia gehiegikeriari eta arrazismoari aurre egitea» zigortu duela azaldu du LABek, eta «larritzat» jo du hori: «Izan ere, nahiz eta udaltzainak pertsona migrante bati tratu arrazista eta biolentoa eman, haiei modu ez-biolentoan aurre egitea eta giza eskubideak errespeta ditzatela eskatzea delitutzat jo du».

Udaltzaingoaren bertsioa sostengatzen zuten hainbat gertakari ez ditu frogatutzat eman zigor auzitegiak emandako epaiak; hala nola Alvarezek agenteetako bati heldu, beste bat lurretik altxatu eta udaltzainei irainak eta mehatxuak egin izana. Ezta identifikatzeko eskatzean Alvarezek horri uko egin zionik ere. Gauzak horrela, LABek uste du agerian geratu dela udaltzainek «gezurretan oinarrituriko polizia azpijoko bat» martxan jarri zutela, Alvarezi «atentatua» egotzi, eta «zigor gogor zein eredugarri bat» ezar ziezaioten. Helburu horretan, ordea, udaltzaingoak «porrot» egin duela adierazi dute LABeko kideek. Hala ere, gaitzetsi dute absoluzioa eman izana. Haien arabera, epailea ez da horretara ausartu, «Fiskaltzaren Donostiako Udalaren eta Udaltzaingoaren jokabidea hankaz gora ez uzteko».

Halaber, Donostiako Udalari eta Eneko Goia alkateari ere mintzatu zaie LAB. Udaltzaingoaren «jokabidea ikertzeko» eskatu dio, sindikatuak «larritzat» baitu «gezurretan oinarrituriko polizia azpijokoa» sustatu izana. Bestalde, LABen esanetan, gertakariak erakusten du Donostiako Udalaren jarrera «ez dela onena migrazioaren auziaren aurrean». Salatu du Donostian ez direla «migranteen eskubide zibil eta politikoak» errespetatzen: «Behin eta berriz salatu izan da Donostia pertsona hauentzako atentzio falta, jantoki sozialen falta, bizileku eta lokal falta...» Gainera, Poliziak kale saltzaileei «izugarrizko presioa» egiten diela deitoratu du, «hiriko zona nobleetan egon ez daitezen». Horregatik guztiagatik, bi eskaera egin dizkio sindikatuak udalari, hizpide zuten gertakarian udaltzainek izandako jokabidea ikertzeaz gain: «Udaltzaingoaren baitan jarrera biolento eta arrazistak ekiditeko neurriak har ditzala» eta «migranteen eskubide sozial eta politikoak errespeta daitezen neurriak har ditzala».

«Berriro egingo nuke»

Alvarezek berak ere hartu du hitza LABen agerraldian. Epaiketaren egunean esandakoa berretsi du; hots, berdin jokatuko lukeela halako egoera baten aurrean egongo balitz: «Berriro egingo nuke, herritarron lana baita polizia gehiegikeriei edota jokabide arrazistei aurre egitea».

Bestalde, gogorarazi du Sowren kontrako auziak zabalik dirauela, eta epaiketa ez dela oraindik egin. Alvarezen kontrako epaiak haren kontrako epaia «arinduko» duela espero du.

Auzibidean elkartasuna adierazi dieten «eragile sozial, sindikal eta politikoei» eskerrak eman dizkie, azkenik, Alvarezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.