Mendebaldeko Sahara

Mendebaldeko Sahararako autonomia defendatu du Marokok NBEren mandatariaren aurrean

De Misturak bira bat abiatu du Magreben, kargua hartu zuenetik lehena. Fronte Polisarioarekin bilduko da etzi, Aljerian, eta, printzipioz, ez da lurralde okupatuetara joango.

Naser Burita Marokoko Atzerri ministroa —ezkerretik bigarrena— eta Staffan de Mistura NBEren mandataria —eskuinetik bigarrena—, gaur, Rabaten. ABBASSI / EFE
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 13a
16:59
Entzun

Staffan de Mistura NBE Nazio Batuen Erakundearen Mendebaldeko Sahararako mandatariak kargu hori hartu osteko lehen bira abiatu du gaur Magreben, eta Maroko izan du lehen geltokia, hango Atzerri ministro Naser Buritarekin batzartu baita. Gatazka bideratzeko bainoago, aldeen jarrerak eta helburuak ezagutzeko bidaiatzat jo dute De Misturaren bilera sorta, eta horren erakusle izan da Buritarekin izan duena, hark Marokoren proposamena berretsi baitio: autonomia estatusa ematea Mendebaldeko Saharari.

Marokoko Atzerri ministroak NBEren mandatariari adierazi dio bere gobernua prest dagoela «irtenbide politiko bat» lortzeko, eta horri bide emango dion prozesu batean murgiltzeko. Horretarako formatua mahai inguruak izatea nahi luke, gatazkako parte hartzaileekin eta aliatuekin: Maroko, Aljeria, Mauritania eta Fronte Polisarioa. Betiere, autonomia proposamena «oinarri hartuta».

Horst Koehler karguan De Misturaren aurrekoak sustatu zituen mahai inguru horiek, 2019 erdialdean, baina ez zuten arrakastarik izan, eta aurrerapausorik ezagatik eman zuen dimisioa. Gainera, harrezkero, Aljeria formatu horretara itzultzearen aurka agertu da; hortaz, egungo kargudunak beste eredu bat adostu beharko du.

De Misturak iragan urrian hartu zuen NBEren Mendebaldeko Sahararako mandatari kargua —Siriarako mandatari berezia izan zen 2014tik 2018ra—, eta hilaren 19ra arte egingo duen bira du afera horretaz lehena. NBEren oharraren arabera, «prozesu politikoarentzako irtenbide eraikitzaile baterako aurrerapausoak» nolakoak izan behar diren jakin nahi du gatazkako alde guztiekin elkartuta.

Marokoko Gobernuarekin bildu ostean, hurrengo helburua Fronte Polisarioarekin elkartzea izango du mandatariak, etzi, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan, baita Aljeriako eta Mauritaniako gobernuekin ere. Aldiz, badirudi ez dela lurralde okupatuetara joango, NBEk ez baitu horren berri eman De Misturaren bidaiaz aritzean.

Mandatariaren erronka, bi aldeak mahai beraren inguruan berriz elkartzea, ez da batere erraza izango, azken urteotan dezente okertu baita egoera. 2020ko azaroan, esaterako, Fronte Polisarioak hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuten su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki zuen. Gerora, iragan abuztu amaieran, Aljeriak amaitu egin zituen Marokorekiko harremanak, eta horrek are gehiago okertu zuen testuingurua.

Hori kontuan harturik, Fronte Polisarioak itxaropen gutxi ditu jarriak egunotako biran, haren NBErako mandatari Sidi Mohamed Omarrek azaldu modura: «Ezin dugu iragarri zer gertatuko den. Itxaroten ari gara, [De Mistura] etor dadila, eta hark esan dezala. Ez dugu ezer haren aurka. Inpartzialtasuna eskatzen diogu, eta haren lanak oinarri izan ditzala NBEren ebazpenak».

Fronte Polisarioak autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko egindako promesa bete dezala exijitzen dio Minurso NBE misioari. Minurso 1991n eratu zuten helburu horrekin eta su-etena zaintzeko egitekoarekin. Maroko beti agertu da balizko galdeketa horren aurka, eta autonomia proposamenarekin erantzun du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.