zahar etxeak

Nafarroako zahar etxeetako beharginek lan baldintza duinak exijitu dituzte

Greba egin dute, ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek deituta. Soldata eta lanaldi duinak eskatu dituzte, eta egoitzen publifikaziorako urratsak.

Iruñean egindako manifestazioa, gaur goizean. IñIGO URIZ / FOKU
2022ko urtarrilaren 13a
17:28
Entzun

Nafarroako zahar etxeetako langileek hainbat mobilizazio egin dituzte gaur, sektoreak dituen «mugak eta baliabide falta» salatzeko. ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek deitu dute grebara, eta lan baldintzak hobetzeko eta babes neurri egokiak ezartzeko exijitu dute: «Lan baldintza duinek soilik ziurtatzen dituzte zerbitzu duinak eta kalitatezkoak».

«Langileak funtsezkoak izan gara eta funtsezkoak izaten jarraitzen dugu», adierazi dute. Halere, uste dute COVID-19ak eragindako krisiak agerian utzi dituela sektoreko 4.500 langileek dituzten lan baldintza «lotsagarriak».

Langileek adierazi dute zentroetako erabiltzaileen eta haien senideen babesa jaso dutela azken hilabeteetan, baina Nafarroako Gobernuaren eta patronalen jokabidea oso bestelakoa izan dela. Hartara, azken bi aktore horiei eskatu diete lan baldintzak eta soldatak duintzeko. Sindikatuen esanetan, beharrezkoa da «zentzudunak» izatea eta ratio egokiak ezartzea, baina baita kontratu partzialak amaitzea eta ikuskapenak indartzea ere. Zahar etxeen kudeaketari dagokionez, berriz, ezinbestekotzat jo dute haien publikotasunerako bidea jorratzea, eta «putre funtsen» partaidetza mugatzea.

Izan ere, sindikatuek adierazi dute «zaintza sistemaren funtzio soziala» balioesteko garaia dela, eta administrazio publikoak urratsak egin behar dituela kalitatezko zerbitzu bat bermatzeko bidean: «Publikoak, doakoak eta unibertsalak izan daitezen eskatzen jarraituko dugu».

ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk proposamen bateratu bat helarazi zieten patronalei, baina, sindikatuen hitzetan, «ezinezkoa izan da aurrera egitea», patronalaren «boikota» dela medio. Hala, adierazi dute patronalaren jarrerak bultzatu dituela mobilizatzera, eta hala jarraitzeko asmoa dutela: «Ez dugu onartuko orain arteko lan baldintzak mantentzea. Zaintza lanaren duintasuna eta mendekotasun zerbitzuen kalitatea aldarrikatzen jarraituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.