Ingurumena

GHK-ko eta erraustegiko arduradunek inputatu gisa deklaratu dute ingurumen delituengatik

Arkaitzerrekan 2020an izan zen amoniako isuriarengatik hartu diete deklarazioa Zubietako instalazioko kudeatzaileei. Fiskaltza ez da agertu saiora  

Zubietako erraustegia, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2022ko urtarrilaren 13a
17:45
Entzun

Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak deklarazioa hartu die Zubietako erraustegiko eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) arduradunei, ingurumenaren aurkako ustezko delituengatik. Izan ere, Arkaitzerreka errekan 2020ko maiatzean izan zen amoniako isurketaren harira irekita dauden diligentzien barruan deklaratu dute GHK-ko arduradun batek eta erraustegiaren kudeaketaz arduratzen den Ekobal enpresako bi arduradunek. Haiekin batera, epaileak ere deklarazioa hartu nahi zion labeez arduratzen zen Alemaniako ESB enpresako ordezkari bati, baina ez da agertu. Fiskalak ere ez du parte hartu saioan, eta ikertutakoek defentsaren abokatuaren galderei bakarrik erantzun diete.

GHK-ko arduradunak adierazi du funtzionamenduko “ezbehar bat” izan zela, eta gogoratu du GHK-k isun bat jarri ziola enpresari isurketarengatik.

Akusazio moduan agertu den GuraSOSek, berriz, eskatu du argitzeko ea enpresak bazuen industria baimenik baldintza haietan egiten ari zen jarduerak egiteko. Plataforma horrek gogoratu du errekan egindako isurketa horren ondorioz lau arrain espezie desagerrarazi zituztela, eta gaineratu du bi isurketa gertatu zirela bi hilabeteko epean, eta ez bakarra, Guardia Zibilak egindako ikerketatik jakin denez.

Halaber, Guardia Zibileko UCOMA taldeak egindako ikerketatik jakin den beste kontu bat ere nabarmendu du GuraSOSek; hau da, arrainetan kutsatzaile organiko iraunkor «arriskutsu eta kantzerigeno bat» (kloroalkanoa) zegoela. Horrekin batera, UCOMAko ikertzaileek frogatu zutela Zubietako instalazioak ez zuela aire isurketak neurtzeko sistemarik. GuraSOSek epaitegiari eskatu dio argitzeko ea zergatik luzatu zioten enpresari probak egiteko epea, horretarako kontratua aldatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.