Ezbeharra

Mendizale bizkaitar bat erreskatatu dute Pirinioetan

Mendizalea mendi hegal batetik amildu da bart, Acherito tontorretik jaisten ari zela. Hainbat lesio ditu erorikoaren ondorioz. 33 urte ditu, eta Barakaldokoa (Bizkaia) da.

Pirinioak Iruñerritik ikusita, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
2022ko urtarrilaren 13a
19:52
Entzun

Barakaldoko (Bizkaia) 33 urteko euskal mendizale batek istripua izan du bart Acheriton, Huescako Pirinioetan. Mendi tontorretik beheranzko bidea hartua zela, gaztea amildu egin da mendi hegaletik, eta 200 metro egin ditu erorikoan beheraka. Zauritu egin da ondorioz, hainbat lesio ditu, eta larrialdi zerbitzuek joan behar izan dute harengana. Operazio aski konplikatu baten ondotik erdietsi dute erreskatatzea.

Erreskate lanetan aritutako zerbitzuek emandako informazioaren arabera, 12:30 aldera ailegatu zen laguntza eskea egiteko deia. Zehazki, mendizale zaurituaren lagun batek eman zuen abisu. Istripua gertatutako tokitik Lintzako aterpetxerako bidea egin zuen, telefono seinalea lortu eta deia egiteko. Abisua igorrita, larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren, eta oinez joan ziren mendizale zauritua zegoen tokiraino. Azaldu dutenez, haizeak gogor jotzen zuen orduan, eta, horregatik, ez zen posible helikopteroarekin gerturatzea harengana.

Gaztea salbu da dagoeneko, baina zenbait lesio ditu: larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute litekeena dela hautsia izatea peronea, eta lokadura sorbaldan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.