Migrazioak

'Aita Mari' erreskateontzia, Sabino Arana saridunetako bat

Luis Ugalde jesulagunak, Amaiurko Gaztelu elkarteak, Bidasoa kirol taldeak, Basque Culinary Centerrek eta Luis Mari Bengoa kazetariak ere jasoko dute saria.

'Aita Mari' ontzikoak erreskate lanetan, Maltako uretan. UNAI BEROIZ
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 14a
11:11
Entzun

Sabino Arana fundazioak jakinarazi du nortzuk jasoko duten 2022an Sabino Arana saria. Fundazioko presidente Mireia Zaratek iragarri duenez, Aita Mari erreskateontzia, Luis Ugalde jesulaguna, Amaiurko Gaztelu elkartea, Bidasoa kirol taldea, Basque Culinary Center eta Luis Mari Bengoa kazetaria izango dira aurtengo saridunak, eta sariak emateko ekitaldia urtarrilaren 30ean egingo dute, Bilboko Arriaga antzokian.

«Giza eskubideen aldeko elkartasun borroka nekaezin eta etengabeagatik» saritu dute Aita Mari ontzia, Zaratek azaldu duenez. «Migrazio ibilbide arriskutsu hori erabiltzen dutenen bizitzaren jagole bihurtu da mundu guztiaren begien aurrean, eta agerian utzi du migrazio politika txarrak gainditu behar ditugula». 2018tik, Aita Mari ontziko eskifaiak 538 lagun bizirik erreskatatu ditu.

Luis Ugalde jesulaguna Bergaran (Gipuzkoa) jaiotakoa da, baina ibilbide gehiena Venezuelan egin du; «Venezuelako erregimenak egindako bidegabekeriak salatzeko behin eta berriz altxatu diren ahotsetako bat» izan dela nabarmendu du Zaratek. «Gizarte ekintzaile nahiz eredu moral eta politiko gisa egindako ibilbideagatik» emango diote Sabino Arana saria.

Bidasoa kirol taldea 1962an sortu zen, eta, hortaz, aurten 60 urte beteko ditu. Hari saria emanda, Sabino Arana fundazioak gogorarazi nahi izan du kirola futbola baino gehiago dela, eta eliteko kirola hiriburuetatik kanpo ere egiten dela. «Txikiak handia benzi leidi esaera zaharrak dioskun bezala, Bidasoak frogatu du komunikabideetan hainbesteko islarik ez duen kirol baten bidez kluba handia izan daitekeela eta, era berean, Irun, Bidasoa eta Euskadi ere handi egin ditzakeela», esan du Zaratek.

Basque Culinary Center ere izango da saridunetako bat, «hamar urteko ibilbide laburrean eredugarri bihurtu baita nazioartean sukaldaritzako prestakuntzan, berrikuntzan, ikerketan eta sustapenean», Luis Maria Bengoa herri kiroletan aditua den kazetariari ere saria emango diote, «hainbat hamarkadatan herri kirolak eta lurreko ekoizkinak bultzatzen eta sustatzen egindako lanagatik».

Azkenik, Amaiur Gaztelu elkarteari ere saria emango dio Sabino Arana fundazioak, euskal memoriaren alde egindako lanagatik. «Gure nortasunak iraganean errotutako sustraiak ditu, eta horiek ezinbestekotzat jotzen ditugu etorkizuna eraikitzeko», esan du Zaratek, elkarteak egindako ekarpena laudatzeaz batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.