Gizarte Segurantza
Diru sarreren araberako kotizazio kuotak proposatu ditu Espainiako Gobernuak autonomoentzat
Gutxieneko kuota 184 euro izango litzateke, eta 1.267 euro gehienezkoa. Sistema berria datorren urterako martxan egotea nahi du Madrilek.

Espainiako Gobernuak autonomoen kotizazio sistema berritu nahi du, eta proposamen bat helarazi die eragileei dagoeneko. Goitik behera aldatu nahi du gaur egungo eskema; izan ere, norberaren konturako langileek diru sarreren arabera kotiza dezatela nahi du aurrerantzean. Gaur egun, autonomo bakoitzak aukeratzen du Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota, eta kalkulatzen da gehiengoak gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen duela.
Eskema berria 13 ataletan banatuko litzateke, hilean 600 euro baino gutxiago irabazten dutenetik hasi, eta 4.050 euro baino gehiagoko irabaziak dituztenetara. Horren araberakoak izango dira kotizazio kuotak ere; hau da, hilean 184 euroko gutxieneko kuota izango lukete diru sarrera gutxien dituztenek, eta 1.267 eurokoa azken zatian aurreikusitako muga gainditzen dutenek.
Malgutasunez jokatzeko prest agertu da, halere, Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa, onartzen baitu autonomo baten jarduera ekonomikoak gorabehera handiak izan ditzakeela hilabetez hilabete. Horregatik, langileak aukera izango luke urtean zehar kotizazio oinarria aldatzeko: gehienez ere sei aldiz urtean. Modu horretan, etekin handienak eta txikienak lortzen diren uneetara egokitu ahal izango lirateke kotizazioak.
Gutxieneko tarifa lauari ere eutsi egingo zaio, baina, orain ez bezala, soilik gutxieneko soldata baino diru sarrera txikiagoak dituzten langileek izango dute aukera 70 euroko tarifa hori ordaintzeko. Eta gehienez ere bi urtez luzatuko da aukera hori.
2023rako martxan
Espainiako Gobernuaren arabera, hiru autonomotik bik gutxiago ordainduko dute sistema berriari esker. Hilean 600 euro baino gutxiago irabazten dutenek, esaterako, 1.300 euro gutxiago ordainduko liokete urtean Gizarte Segurantzari; 600 eta 900 euro bitarteko sarrerak dituztenek, berriz, 600 euro gutxiago.
Plana 2023rako indarrean egotea nahi du Madrilek, baina eskema berria pixkanaka egokituko litzateke hurrengo bederatzi urteetan, modu progresiboan garatuta. Gobernuak azaldu du, hala ere, proposamen bat besterik ez dela, eta negoziatzeko prest dagoela, baita kuoten zenbatekoa aldatzeko ere.
Kotizazio sistema eguneratzeko proposamena Toledoko Itunean jasota dago, eta Espainiako Gobernuak Bruselarekin hitzartutako erreformetako bat da.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.