15 gaixo ospitaleratu dituzte Nafarroan, eta bi pertsona hil dira COVID-19ak jota

Osasunbideak dio kasu kopurua apaltzen hasia dela (2.254 positibo, bezperan baino 420 gutxiago), baina positibo tasa %43,8 da.

Erizain bat paziente bat artatzen, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko ZIU unitate batean. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2022ko urtarrilaren 14a
12:42
Entzun

COVID-19aren transmisioak ez du etenik oraindik, baina seigarren olatuak goia jo duela uste dute administrazioek. Egunetik egunera apaltzen hasi dira positiboak, baina, era berean, protokolo berrien ondorioz, test gutxiago egiten eta jakinarazten dira. Hortaz, olatuaren benetako tamaina zein den asmatu ezinik segitzen dute osasun arduradunek.

Nafarroan, 2.254 positibo atzeman zituzten atzo, 5.148 proba diagnostiko egin ostean. Horrek esan nahi du positibo tasa %43,8koa dela orain. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du atzo bi pertsona hil zirela COVID-19ak jota.

Atzemandako positiboak bezperakoak baino gutxiago dira (2.674 kasu detektatu zituzten asteazkenean), baina test kopurua ere apalagoa da, asteazkenean 5.910 PCR eta antigeno test zenbatu baitziren Nafarroan, atzo baino 762 gehiago. Edonola ere, nabari da beheranzko joera baten hasiera: asteartean, 2.999 positibo atzeman zituzten eta astelehenean, berriz, 3.507.

Transmisio datuek olatuaren apaltzea marrazten badute ere, ospitaleen egoerari buruzko datuek panorama beltza erakusten dute oraindik: atzo 15 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Nafarroan COVID-19ak erasanda. Horietatik hiru ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Oraintxe, 260 paziente daude herrialdean ospitaleratuta, eta 38 ZIUetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.