Albistea entzun

Erakusketa

Egunero, atsedenik hartu gabe

Isaac Cordal artistak etengabe produktiboak izatearen beharra jorratu du ’24/7′ erakusketan. Bilboko SC Gallery aretoan dago ikusgai, hilaren 28ra arte.

Cordal, erakusketako lanetako batekin.
Cordal, erakusketako lanetako batekin. Aritz Loiola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza -

2022ko urtarrilak 16

Hormara itsatsita dagoen balkoi txiki batean, begira dago gizon bat, aurpegiera nekatuaz. Aurrez aurre kutxa batzuk ditu, grisak, balkoiko gizona bezala, eta haien barruan beste gizon batzuk ikus daitezke, denak zuriak, 50 urte ingurukoak, burusoilak, traje grisa daramatenak soinean; hain justu, balkoitik so dagoen horren berdin-berdinak. Eta halakoak dira, halaber, aretoaren hondoko eraikin mardularen gainean daudenak ere, zereginen batean buru-belarri dagoen behargin talde oparoa.

Gizontxo asko dira, baina, era berean, bakarra dirudi haien moldeak. Bakarra da, zehazki, 2006tik. Isaac Cordal artista (Pontevedra, Galizia, 1974) ordutik ari da pertsonaia hori garatzen Cement Eclipses izeneko proiektuan, estereotipo beraren kopiak taxutu, eta eskulturok aretoetan edo kaleko hainbat gunetan kokatuz. “Nolabait, ispilua ipintzen dut burokraziaren, boterearen, ekonomiaren, patriarkatuaren eta abarren aurrean”, dio. Eta gizontxoekin bete du, orobat, Bilboko SC Galleryn ikusgai dagoen erakusketa ere: 24/7. Urtarrilaren 28ra arte bisitatu ahal izango da.

“Kontrol gizarteen inguruan hitz egin nahi nuen, eta beharra horien parte oinarrizko bat da”. Horri egiten dio erreferentzia izenburuak: eguneko ordu guztietan, asteko egun denetan, deskantsurik gabe egindako lanari. Eta adierazgarriak dira hori islatzeko erabilitako guneetako batzuk: balkoiaren aurrean paratutako kutxei bunker traza eman die, eta eraikinak irudi lezake bai fabrika bat, bai etxebizitzen bloke bat, edo bi horien fusio bat.

Gizarte horren subjektua errepikakorra da, seriean ekoitzitako gizakia. “Pertsonaia klonatu hori interesatzen zait, errepikapen industriala, denok fabrika beretik etorriko bagina bezala, neoliberalismo deitutako molde horretatik”. Gizonetako batzuek giltza dute atzean, akitutakoan sokari eman eta lanean jarrai dezaten, baina ez du funtzionatzen, artistak dioenez: “Halako batean, hondatu egin gara”.

Makina baten ekoizpen orbanik gabea helburu, bidean geratu da gizontxoa. “Inguratzen gaituzten makinen rolak asumitzen ditugu. Ahalik eta efikazenak izateko ahalegin desesperatuan, matxuratuak sentitzen hasten gara zerbaitek ez badu funtzionatzen; hainbeste humanizatu dugu teknologia…”.

Lehen begi kolpean, gizontxoak ikusi eta beren arteko antzaz jabetu baino lehen ere, uniformetasuna antzematen zaio erakusketari. Kolore grisa erabat gailentzen da piezetan. “Bulegoen giro itzali eta kirurgikoa indartzen du. Gris kolorearen gama zabal bat bereganatu dugu naturan kamuflatzen ahalegintzeko”. Bere hasierako eskulturak ere gogorarazten dizkio grisak, zementuz ontzen baitzituen: “Zementua material sinboliko gisa, jariakin kolonial baten gisan, zeinak errudun egiten baikaitu”.

Cordalek badu animalia munduan inspiratutako metafora bat ere erakusketaren muina are argiago uzteko: “Termitategi erraldoi antzeko bat osatzen dugu, gupidagabeki hedatzen dena”. Eta metafora mamitu du erakusketan: La Termita deitu dio pieza zentrala den eraikinari, eta termiten pare ari dira ugaritzen hango beharginak. “Lehen hiru solairuek fatxada dute, eta azkena eraikitzen ari dira. Geldiezin hazten den dorre bat da, nahaspila burokratiko, ekonomiko eta politiko bat”.

Termita langileak nola, itsu-itsuan ari dira erakusketako beharginak ere, Cordalek nabarmendu duenez; begiak itxita irudikatu ditu. Herman Melville idazlearen Bartleby eskribatzailearen ifrentzua lirateke gizontxo horiek, artistaren arabera: lehenak uko egiten dio bidaltzen dizkioten zereginak egiteari, eta bigarrenak, ordea, men egiten dio edozein zamari. “Nire eskulturek zerikusia dute sumisioarekin eta obedientziarekin, eta haien mantra da ezer ez jartzea zalantzan”.

Gizontxoen jarrera gregarioak jomuga bat du, baina: garapena. Kontzeptuarekin oso kritiko agertzen da Cordal erakusketan. “Masa sozial gisa egiten ari garen bideaz hausnartzea interesatzen zait, eta behatzea zer arrasto uzten ari garen garapenaren premisaren arabera aurrera egiten ari garen bitartean”. Lorratz negatiboa da inondik inora ere, galiziar artistaren hitzei erreparatuta: “Gure espeziearen eboluzioa aldizka lotuta egon da basakeria ildo batekin”. Baina konpongarria, beharbada, artearen bitartez, besteak beste. “Eraikitzen ari garen munduaz gogoeta egiteko ekintza poetikoa da eskultura”.

Ekoizpenaren hedapena

Garapenari ekarpena egiteko aitzakiarekin, gizakiaren bizitzako esparru denak blaitu ditu produktibitatearen irizpideak; fabrikatik eta bulegotik at ere indarrean jarraitzen du, etxe barruraino sartuta, are. “Etxea bulegoaren, fabrikaren eta abarren hedadura bat bihurtu da. Ekoizpena etxekotzeak zera eragin du, lanaldia egunean 24 ordukoa izatea, asteko zazpi egunetan”.

Teknologia digitalek joera hori indartu dute, artistaren hitzei erreparatuta. “Hiperkonexioak nolabaiteko ziberadikzioa eragin du; uste dut denok pairatu dugula sarearen joera konpultsibo hori, gehiago edo gutxiago”. Dioenez, gaur egun kasik behar bat da denborarik ez galtzea, eta horrek aisialdiari ere eragiten dio; produktibitatearen itzalean dago hura ere. “Jada ez dakigu noiz ari garen lanean eta noiz ez; ez dakigu noiz bukatu eta hasten den gure lanaldia. Aisialdia programatutako denbora tarte bat bihurtu al da, balio diguna ekoizpenaren tsunamian berriro kokatzeko?”. Teknologiak katigatzen ei du gizakia inertzia horretara, ez dadin guztiz askatu inoiz. “Sakelako telefonoko jakinarazpenak begiratzen ditugu behin eta berriro, haietako bakoitza baltsamo bat izango balitz bezala ezjakintasunaren kontra”.

Konektatuta dago, beste behargin ugari ditu inguruan, baina, hala ere, bakarrik dagoen izaki bat da Cordalen gizontxoa. Bunkerrean sartu du bere burua, ustez nahita, eta bakartuta sufritzen ditu etengabe ekoitzi beharrak sortutako albo kalteak. “Bakardadea, indibidualismoaren ondorio gisa. Herrialde batzuetan dagoeneko badago Bakardadearen Ministerioa, eta horrek asko esaten du gizarte modernoak duen arazoaren tamainaz”. Gizontxoa burnout deritzenaz jota ere badago, artistak dioenez: kroniko bihurtu zaio lanak eragindako akidura.

Inguruak osatuta

Piezek ez ezik, tokiak ere garrantzia izaten du Cordalen sorkuntzan: eskulturek harremana dute tokiarekin, elkar osatzen dute, esanahiak txertatuz eta bereganatuz. Hori horrela, kalea maiz izan da haren artearen erakustoki. Galiziako Banksy ere deitu izan diote, gizontxo identifikagarri horiek agertu izan direlako, bat-batean, bazterren batean, hainbat eskultura txiki putzuen gainean pilatu dituelako. Interbentzio deigarri zein efimero horiek egin izan ditu sarritan.

“Espazio publikoak rol inportantea izan du nire lanean, askotan tokia delako eskulturei esanahi guztia ematen diena”. Baldintzapen hori aintzat hartuta erabakitzen ditu kokapenak artistak. “Denboraren joana iradokitzen duten lekuak interesatzen zaizkit, gure dekadentziaz eta inperfekzioez hitz egiten digutenak: leihoak, kableak, hormak, zuloak…; eskulturentzako aterpe gisa balio duen hondar arkitektura”.

24/7 erakusketako gizontxoek galeria bat dute aterpe, ordea. Edonola ere, halako inguru batek ere ekarpena egiten dio Cordalen arteari. “Galeria espazio hermetiko bat da, non elementuak kontrola ditzakezun: adibidez, iluminazioa”. Kontrara, kalea “kontrolaezinagoa” dela dio, baita “efimeroagoa” ere. “Beti dago harritzen zaituen eta lanean sartzen duzun elementuren bat”. Prozesuak ezberdinak izaten omen dira, baina bat egiten dute zenbaitetan. “Eskulturek bietan funtzionatzen dute”.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Begirada da idazle baten baliabiderik inportanteena»

Ainhoa Sarasola

Molde laburrean aritzea da Linazasororen marka, baita umore garratza, absurdoa eta ironia baliatzea ere. Hala ondu ditu bere azken bi liburuak ere, ibilbide osoan landu duen estiloari eutsiz.
Maialen Lujanbio bertsolaria, <em>rr #5 marrak</em> emanaldian; gaur Iruñeko Laba gunean egingo du. ©BERRIA

Garai bat, mila prismatan puskatua

Iñigo Astiz

Maialen Lujanbio bertsolari eta sortzaileak egungo garaiaren «erradiografia mugitu bat» taularatu du 'rr #5 marrak' izeneko emanaldi hibridoan. Iruñeko Laba gunean arituko da gaur

Natalia Suarez artista, bere lanetako batzuekin. ©GASTEIZKO UDALA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...