Albistea entzun

Itxaso Marti

«Espero dut orain sendaezinak diren gaixotasunak sendatzen ikustea»

Familiatik jaso du neurologiaren inguruko interesa Itxaso Martik, aita eta ama profesional entzutetsuak izandakoak baititu. Maite du bere lanbidea, nahiz eta aitortu une zail asko tokatzen zaizkiola.

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza Tamaina handiagoan ikusi

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza -

2022ko urtarrilak 17 09:12

Garunak eragiten zion lilurak bultzatuta, neurologia ikastea erabaki zuen Itxaso Martik (Iruñea, 1974). Zestoan bizi da egun. Ibilian-ibilian, ordea, konturatu zen helduen mediku izateak baino askoz gehiago betetzen zuela umeena izateak, eta horretan espezializatzea erabaki zuen; hamazazpi urte eta gero, baita osasungintza publikoan neuropediatra gisa lan egiteko helburua betetzea ere. Donostia ospitalean lan egiten du egun, gustuko duen horretan. Esan du “oso pozgarria” zaiola bere lanak haurren bizitzak hobetzeko balio duela ikustea, aitortu duen arren bestelako uneak bizitzea ere “sarri-sarri” tokatzen zaiola.

Neurologoa, pediatra eta irakaslea zara, baina zer ordenatan?

Hasieran, neurologo izatea zen nire asmoa, eta intentzio horrekin ekin nion bideari.

Nolatan neurologo?

Nire gurasoak, biak, neurologoak dira. Aita, Jose Felix Marti Masso, Gipuzkoako osasungintza publikoan lanean hasi zen lehenbiziko neurologoa izan zen, 1975ean, eta ama, Nieves Carrera, bigarrena, 1977an. Gerora, aitak Donostia ospitaleko Neurologia Zerbitzuaren ardura izan zuen urte askoan, erretiroa hartu zuen arte. Beraz, etxean ez dut besterik ikusi izan, eta, gainera, gustatu egiten zitzaidan; medikuntza eta garuna beti iruditu izan zaizkit oso interesgarriak. Hala, medikuntza ikasi nuen, eta neurologian espezializatu nintzen. Gustura nengoen, baina barruko mediku egoiliar (BAME) izateko hirugarren urtean, derrigorrezko errotazio batean, Bilbon neuropediatria arloan bi hilabeteko formakuntza bat egitea egokitu zitzaidan, eta pila bat gustatu zitzaidan. Garuna, bere horretan, oso interesgarria da, baina garuna garatzen ari den garai horretan gertatzen diren gauzek erabat liluratu ninduten.

Umeekin lan egitea nahiago duzu, helduekin lan egitea baino?

Helduekin gertatzen zitzaidana zen denbora kontra geneukan sentipena neukala. Adibidez, pertsona bat Parkinsonen gaitzarekin hasten zen, tratamendu bat jarri eta ondo erantzun zezakeen, baina, gaixotasun degeneratiboa izanik, beti okerrera joaten zen dena. Umeetan, iruditzen zitzaidan kontrakoa gertatzen zela, egiten nuen guztiak eragin ona izango zuela umearen bizitzan. Konturatu nintzen askoz gehiago betetzen nauela umeekin aritzeak.

Eta aldatzea erabaki zenuen?

Nahi bai, baina ez da horren sinplea. Hitz egin nuen Bilboko neuropediatrarekin, Carmen Garaizarrekin, eta hark esan zidan helduen neurologia bukatu eta haurrenean espezializatzen banintzen, neuropediatra gisa lan egin nezakeela gero. Hala, helduen neurologiako lau urteak bukatu nituenean, Parisera joan nintzen bi urtez, haurren neurologian espezializatzeko.

Zergatik Parisera?

Neuropediatriaren barruan, gaixotasun arraroak ere aztertzen dira, baina, arraroak direnez, ez dira askotan ikusten. Horregatik, komeni izaten da jende asko ibiltzen den lekuren batera joatea, ahalik eta kasu gehien ezagutu eta aztertu ahal izateko.

Baina handik bueltan ez zenuen esperotakoa topatu hemen…

Bueltatu nintzenean, saiatu nintzen lana topatzen neuropediatra gisa, baina konturatu nintzen ospitale publikoetan ez zela posible. Izan ere, hemen, pediatriako espezialitate guztiak pediatriatik hasita egiten dira; horietan lan egin ahal izateko, pediatra izatea eskatzen zidaten. Lan egin nezakeen zentro pribatu batean, izan nezakeen neure kontsulta, eta ospitale publiko jakinen batean lan egin nezakeen. Madrilgo 12 de Octubre ospitalean, adibidez, horrela antolatuta daude, Espainiako Neuropediatria Elkarteak, berez, onartzen baitu aukera hori. Baina, gero, hemen, praktikan, ezin da lortu postu bat, sistema beste era batera antolatuta dagoelako. Orduan erabaki nuen berriz BAME azterketara aurkeztea. Egin nuen, atera nuen plaza, eta pediatria ikasketak egin nituen.

Guztira zenbat urte igaro ziren ikasten hasi zinenetik lanean hasi zinenera arte?

Hamazazpi urte. Azken hamar urteetan barruko mediku egoiliar gisa aritu nintzen lanean, eta kobratu egiten nuen, baina hamazazpi urte behar izan nituen nahi nuen lekura iristeko. Normalean, ordea, motzagoa da ibilbidea. Aurrena, medikuntzako sei urte, BAME azterketa prestatzeko beste bat, eta, gero, pediatrian espezializatzeko, barneko mediku egoiliar gisa beste lau urte. Pediatriaren barruan espezializatu nahi duenak, beste urtebete ere egin behar du gero. Azken hori ez da izaten ofizialki antolatutako urtea, nahiz eta hala izan beharko lukeen.

Alferrik jardun zinen sentipenik ba al duzu?

Ez, ez. Hara eta hona ibili nintzen urte horietan leku asko ezagutzeko aukera izan nuen; ikaragarri ikasi nuen, oso ondo pasatu ere bai, eta, gainera, lanean jardun nintzen. Beraz, oso urte aberasgarriak izan ziren, zentzu guztietan.

Zure kontsultan zeintzuk dira diagnostikorik ohikoenak?

2-3 urteko umeetan, hizkuntzaren atzerapena, eta mila arrazoi izan daitezke: ez duela ondo entzuten, autismoa, atzerapen orokorra, hizkuntzan atzerapen zehatza… Pixka bat zaharragoetan, 7 urtetik 10 urtera bitarteko umeetan, ikasteko orduan dituzten arazoengatik etorri ohi dira asko: arreta faltagatik, denbora asko pasatu arren ez dituztelako edukiak bereganatzen… Eta horren atzean ere arrazoi ugari egon daitezke: benetako arreta falta izatea, dislexia bat, gaitasunetan gabeziaren bat, gaitasun handikoa izatea, arazo emozionalak…

Horrenbeste aukeraren artean, ez da erraza izango aurrenekoan asmatzea…

Ez; oso zaila da, are gehiago kontsultak ordu erdikoak izaten direla jakinda. Horregatik, sekulako garrantzia dauka eskolarekin elkarlanean jarduteak, eskolako irakasleek eta bideratzaileek ume horren inguruko ahalik eta informaziorik zehatzena emateak, bestela ezinezkoa baita garapenaren jarraipena behar bezala egitea. Azken urteetan, ildo horretako egitasmoak egiten hasi dira hezkuntzan, eta poztekoa da, baliagarriak direlako arazoak lehenbailehen detektatzeko eta konponbidean jartzeko. Hala ere, irudipena daukat ikasteko arazoak gehiegi medikalizatzeko joera daukagula. Pare bat ikasgaitan ondo ez ibiltzeagatik, ez du esan nahi ume horrek mediku arazo bat daukanik. Izan daiteke ez gustatzea, interesik ez izatea, edo izan daiteke beste batzuei baino pixka bat gehiago kostatzea ere, baina horrek ez du esan nahi derrigorrez nahasmenen bat daukanik. Jendea etortzen da kontsultara semea edo alaba matematiketan ondo ez dabilela esanez, hori justifikatuko duen arrazoi edo izen baten bila, baina askotan erantzuna izaten da aniztasuna horixe dela eta denok ez garela berdinak. Alde horretatik, pena da hezkuntza eredua bera horren zurruna izatea eta ez izatea anitzagoa, horrek aukera emango bailioke ume bakoitzari bere martxan garatzeko, arazo bat balu bezala tratatu beharrik gabe.

Gaixotasun arraroak eta kronikoak dituzten umeekin lan egitea ere egokituko zaizu, ezta?

Bai, horiek dira nire kutunak.

Ziur asko egoera zail eta triste ugari bizitzea tokatuko zitzaizun. Nola egiten zaio aurre horri?

Oso gogorra da; inoiz ez zara ohitzen, eta, urteetan aurrera noan heinean, gero eta okerrago daramat kontu hori. Gazteagoa nintzenean, gaixotasun arraro bat zeukan ume bat ikusten nuenean, nolabait esateko motibatu egiten nintzen, nola edo hala buelta ematea lortuko genuela konbentzituta. Guraso naizenetik, ordea, amorrua eta atsekabea sentitzen ditut, parean ditudan guraso horiek senti dezaketena askoz hobeto uler dezakedalako. Azken urteotan egindako aurrerapen eta hobekuntzei esker, diagnostikoak asko erraztu eta azkartu dira, eta nabarmendu nahi nuke baieztatuta dauden gauzak osasungintza publikoan egin eta erabiltzen direla, izan proba diagnostikoak, izan tratamenduak, izan merkeak nahiz garestiak.

Nola prestatzen da norbera gurasoei beren bizitzako atsekaberik handiena emateko?

Ez dakit; nik oraindik ez dut ikasi. Oso-oso egoera gogorra izaten da. Bi momentu izaten dira: lehenbizikoa, gurasoei esaten diezunean gauzak ez doazela ondo eta pentsatzen duzula beren umeak daukana zerbait larria dela; eta, bigarrena, diagnostiko zehatza ematen diezunean, eta esaten diezunean momentuan ez daukala sendabiderik. Guri, behintzat, unibertsitatean ez ziguten irakatsi hori nola egin. Egia da gaur egun garrantzi handiagoa ematen zaiela gauza horiei, baina are gehiago eman behar zaiela uste dut, momentu horretan guraso horiekin izaten duzun jarrerak sekulako garrantzia daukalako. Nik buelta asko ematen dizkiet gauza horiei, eta beti saiatzen naiz momentua prestatzen, toki eta une egokia aukeratzen, eta zer eta nola esan behar diedan ondo neurtzen.

Harreman berezia sortzen al da gaixotasun kronikoak dituzten umeen familiekin?

Saiatzen naiz gertuko harremanak eraikitzen eta hor nagoela erakusten, baina ez dakit lortzen dudan, ez bainaiz iristen. Beti sentitzen dut norbaiti mezua ez diodala erantzun, deia ez diodala bueltatu, eskatutako txostena ez diodala prestatu… Egin beharko nukeen dena egitera sekula ez naizela iristen, eta beti nabilela atzetik eta barkamena eskatzen. Gainera, ahal dudan guztia saiatuta ere, jakitun nago eta ulertzen ditut familia horiek nirekiko izan ditzaketen sentimenduak: ez naiz berri pozgarriak ematen dizkien lagun bat; ni azaltzen naizen unea haientzat sekula ez da izaten erraza, eta badakit hala dela.

Gaur sendaezinak diren gaixotasunetako asko aurki sendatzeko modukoak izango direla uste al duzu?

Azken urteotako martxari eusten badiogu, baietz uste dut. Duela gutxira arte, antzeko ezaugarriak zituzten gaixotasun guztiak zaku berean sartzen genituen, baina gaur egun gai gara horietako askori beren izenez deitzeko, eta bakoitzaren ezaugarriak zehaztasun handiz azaltzeko. Hori da lehenbiziko urratsa bidean tratamendu egokia eman ahal izateko, eta emaitzak ikusten ere hasi gara. Muskulu atrofia espinala deituriko gaixotasunaren ondorioz, adibidez, 2 eta 3 urteko umeak hil egiten ziren duela gutxira arte, eta orain badago horri aurre egiteko terapia geniko eraginkor bat. Ziur asko bide horretatik etorriko dira datozen urteetako aurrerapenik esanguratsuenak ere.

Zenbat denbora beharko dela iritzi diozu?

Nik espero dut orain sendaezinak diren gaixotasunak sendatzen ikustea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

LGTBI+fobiaren aurkako protesta. bat, Gasteizko Zabalgana auzoan. ©Jaizki Fontaneda / Foku

LGTBI kolektiboek «saretzera» dei egin dute

Jone Arruabarrena

Gorroto diskurtsoaren hedapenaz eta komunikabideek kolektiboaren aurkako erasoei ematen dieten trataeraz «kezkatuta» daudela esan dute

Irene Montero, Espainiako Berdintasun ministroa, artxiboko irudi batean. ©JAVIER LIZON / EFE

Onartu eginen dute abortuaren legea, higiene gaien zerga jaitsi gabe

Ion Orzaiz

Hileko mingarriaren ondoriozko gaixoaldia eta erditze aurreko baimena jasoko dituzte testuan. Jaurlaritzak eta EH Bilduk ontzat jo dute araua

Tomas Rubinen senideak, atzo, Bilbon, gudariaren gorpuzkiak hartu berri. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Beste bost gudari identifikatu dituzte Begoñako hilerrian

Olatz Enzunza Mallona

Identifikazio xaflei esker atzeman dituzte bost gudariak. Gogora institutuak espero du 2023ko udaberrirako amaitzea identifikazio lana

Ikusgune behatokiak atzo kaleratu zuen txostenaren aurkezpena. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Lau urtean hirukoiztu egin dira Ikusgunen salatutako eraso LGTBIfobikoak

Jone Arruabarrena

Eraso transfoboen gorakadaz ohartarazi du behatokiak, eta Diputatuen Kongresuan trans legea tramitatzean sortu zen «gorroto giroari» egotzi diote igoera

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...