Etxebizitza

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak uko egin dio etxebizitza lege berria babesteari

EAJk proposatutako batzarkideak aurkeztu du aldeko txostenaren aurkako osoko zuzenketa. Espainiako Gobernuak bi astez atzeratu beharko du tramitazioa.

CGPJko hainbat kide, artxiboko irudi batean. MARISCAL / EFE
2022ko urtarrilaren 14a
16:00
Entzun

CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak traba bat gehiago jarri dio Espainiako Gobernuak onartu nahi duen etxebizitza lege berriari. Bilkuran, atzera bota dute Etxebizitzarako Eskubidearen Lege aurreproiektuaren inguruko txostena, eta urtarrilaren 27ra arte luzatu dute hura aztertzeko epea. Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako ministroaren esanetan, gobernuaren asmoa zen urtarrilaren 18ko Ministro Kontseiluan onartzea lege aurreproiektua, Kongresura bidali eta tramitazioari ekiteko, baina Botere Judizialaren organo gorenaren erabakiak gutxienez otsailera arte atzeratuko du prozesua.

Alvaro Cuesta batzarkide eta PSOEko diputatu ohia arduratu da txostena CGPJren bilkuran aurkezteaz. Hark aurreproiektuaren defentsa egin du, eta, kritiketan, alokairuen prezioa erregulatzeko beharra justifikatzeko argudio gehiago eskatu besterik ez du egin. Kontrara, Enrique Lucasek, 2013an EAJk proposatutako kideak, testuaren aurkako osoko zuzenketa aurkeztu du. Haren esanetan, besteak beste, zehaztu gabe daude alokairuen prezioetan esku hartzeko erabiliko diren araudiak, eta haiek erkidegoen eskumenak urratuko ote dituzten: Lucasen arabera, Konstituzioko 148.1.3 artikuluak haien gain jartzen du afera hori arautzeko eskumena.

Lucasen zuzenketak aldeko hamabost boto jaso ditu; besteak beste, Carlos Lesmes presidentearena. Cuestaren txostena onartzearen alde, berriz, sei kidek besterik ez dute egin. Hala, Lucasek berak eta Jose Antonio Ballesterok —PPk proposatutako kidea— beste txosten bat egingo dute, Konstituzioko artikulu hori abiapuntu hartuta, eta hilabete amaieran bozkatuko du bilkurak.

Erakundearen txostena ez da loteslea, baina bai beharrezkoa testua Ministro Kontseiluan onartua izan dadin. Gainera, litekeena da kontrako txosten batek aldaketak egitera bultzatzea gobernua, helegite posibleak saihesteko.

Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren erabakiaren aurrean, «ardura» adierazi du Unidas Podemosek, argudiatuta legea izaten ari den atzerapenak «justifikaezinak» direla. Izan ere, nahiz eta koalizioak ez dituen nahi adina aldaketa eragingo, Unidas Podemosen legealdiko helburu nagusietako bat da hura onartzea. Besteak beste, «merkatua tenkatuta dagoen eremuetan» alokairuen prezioak erregulatzea, etxebizitza alternatibarik gabeko familien etxegabetzeak etetea eta etxebizitza babestuen salmenta eragoztea ditu helburu. Horretarako, etxebizitzen jabeek prezioak jaisteko hobariak eta etxebizitza publikoa sustatzeko neurriak aurreikusten ditu.

Alokairuen prezioen kasuan, Espainiako Gobernuak azaldu du autonomia erkidegoek eta udalek izango dutela prezioak erregulatzeko eskumena, legeak ezartzen dituen irizpideen pean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokienez, halako sistema bat ezartzeko konpromisoa hartu zuten Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk, 2022ko aurrekontuen testuinguruan egindako akordioan. Horretarako, ordea, beharrezkoa da Kongresuak etxebizitza lege berri bat onartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.