ARMENIA-TURKIA

Harremanak normaltzeko negoziazioa hastea adostu dute Armeniak eta Turkiak

Elkarri baldintzarik jarri gabe hitz egiten segitzeko asmoa agertu dute Ankarak eta Erevanek. 2009koa da azken saiakera. Bi herrialdeen arteko muga 1993tik dago itxita.

Otomandar Inperioak armeniarren aurka egindako genozidioaren 106. urteurrena gogoratzeko ekitadia, Erevanen, iazko apirilaren 24an. AREK ALEKSANYAN  / EFE
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 14a
19:35
Entzun

Azkenekoz ahalegindu zirenetik dozena bat urte pasatu direnean, Armeniak eta Turkiak adostu dute elkarri baldintzarik jarri gabe negoziatzen jarraitzea, haien arteko harreman diplomatikoak normaltze aldera. Ruben Rubinian Armeniako Gobernuaren ordezkaria eta Serdar Kilic Turkiakoarena Moskun batzartu dira, gaur, ordu eta erdiz, eta bileraren ondoren herrialde bakoitzaren Atzerri ministerioek ohar bidez jakinarazi dutenez, «eraikitzailea eta positiboa» izan da batzarra. Hitz egiten segitzeko asmoa dute, baina ez dute bigarren bilera baterako datarik jarri.

Elkar ulertzeko ahalegin bat egin zuten bi aldeek 2009an, baina ez zituzten orduko akordioak gerora berretsi, eta negoziazioak eten ziren atzera. Horren ondorioz, bi herrialdeen arteko muga, esaterako, itxita dago 1993tik, Sobietar Batasuna desegin zenetik, ia-ia; hain zuzen, blokearen errepubliketako bat izan zen Armenia. Ankarak eta Erevanek ez dute harreman diplomatikorik, Turkiak ez duelako onartzen 1915ean hasi eta hainbat urtez Otomandar Inperioak egindako genozidioa: Armeniaren arabera, 1,5 milioi armeniar inguru hil zituzten sarraski hartan. Orain hasitako negoziazioen harira, Erevan baikor agertu zen bezperan, herenegun, baina zuhurtzia ere aldarrikatu zuen, Errusiako TASS berri agentziak jaso zuenez.

Turkiak joan den abenduan iragarri zuen berriro auziari heltzeko asmoa zuela. Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak adierazi zuen, parlamentuan, harremanak onbideratzeko ahaleginean bi herrialdeen arteko hegaldi zuzenak berrezarri nahi zituztela, besteak beste. «Armeniarekin batera emango ditugu pauso guztiak», nabarmendu zuen. Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak adierazi zuen orduan ez zuela baztertzen Recep Tayyip Erdogan presidentearekin biltzea aurrerago, lehen hartu-emanetan aurrerapausoak emanez gero. Erdoganek ere ez dio aukera horri atea ixten.

Karabakh Garaiko gerrak
Ankarak iragarpen hori egin zuen, Karabakh Garaiko bigarren gerra, 2020koa, amaitzeko su-etena sinatu zutenetik urtebete ingurura, hain zuzen. Errusia hauspotzaileak eta gatazkan ziren bi aldeek, Armeniak eta Azerbaijanek, izenpetu zuten menia.

Armeniaren eta Turkiaren arteko muga, hain justu, Karabakh Garaiko lehen gerra (1988-1994) piztu zenetik dago itxita. Desegin zen Sobietar Batasuna, eta Azerbaijanek—hura ere blokeko errepubliketako bat izandakoa— eta Armeniak gatazka militarra hasi zuten lurralde horren kontrola bereganatzeko. Azerbaijango lurretan dago Karabakh Garaia, baina han bizi diren 170.000 biztanleen gehienak armeniarrak dira, eta, de facto, errepublika independente bat da 1994tik. Argudiatuta Armeniak ez zegozkion lurrak okupatu zituela Karabakh Garaian, Turkiak muga itxi zuen.

Baina 2020an sinatutako su-etenaren arabera, Armeniak kontrolpean zituen hiru eskualde eman zizkion Azerbaijani. Paxinianek aitortu zuen «oso mingarria» izan zela akordio hura sinatzea; batetik, eremuak galdu zituen, eta, bestetik, armeniar askok umiliaziotzat hartu zuten. Bere burua gerraren garailetzat aurkeztu zuen Bakuk, hortaz, eta Ankarak ere interpretazio bera egin zuen. Aintzat hartu behar da, gainera, Turkiak babes militarra eman ziola Azerbaijani, eta Paxinianek leporatu ziola Turkiari «Armeniako genozidioa jarraitzea».

Urtebete pasa geroago, bi herrialdeetako ordezkariak elkarrekin bildu dira. Ez batzuek, ez besteek ez dute bileraren irudirik zabaldu; diskrezioz jokatu nahi izan dute. Duela ia hamahiru urte, 2009kko urriaren 10ean, Zurichen (Suitza) elkarri bosteko beroa eman zioten Turkiako eta Armeniako atzerri ministroek, Ahmet Davutoglu eta Edvard Nalbandianek, EBko, AEBetako, Frantziako, Errusiako eta Suitzako agintarien aurrean egindako ekitaldian. Une historiko bat zen. Itun hark zioenez, bi herrialdeetako parlamentuei zegokien akordioak berrestea. Inoiz ez zuten, ordea, halakorik egin, eta akordioak, horrenbestez, bere horretan gelditu ziren, gauzatu gabe. Batzuek zein besteek akordioetan jasotakoak aldatu nahi izana egotzi izan diote elkarri.

Eta akordioaren dokumentuetako batek jaso zuenez, aurreikusita zegoen historialarien bitariko batzorde bat sortzea, zeinak helburu izango zuen armeniarren aurkako genozidioarekin lotutako «dokumentu eta artxibo historikoen azterketa zientifiko inpartzial bat egitea».

1915eko apirilaren 24an intelektual armeniarrak atxilotzen hasi zen Inperio Otomandarra Konstantinoplan —egungo Istanbulen—, eta gero inperio osoan. Hurrengo zortzi urteetan 1,5 milioi armeniar baino gehiago hil zituzten —300.000, Turkiaren arabera—, eta milioika herritarrek haien lurraldea utzi behar izan zuten. AEBek armeniarren aurkako genozidioa onartu zuten iaz, gertakariaren 106. urteurrenean, eta Ankarari «akats larria» iruditu zitzaion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.