Tonga

Ur azpiko sumendi baten erupzioak tsunami bat eragin du Tongan

Ozeano Bareko hainbat herrialdetan eman dute alerta.

2022ko urtarrilaren 15a
11:26
Entzun 00:00:0000:00:00

Hunga-Tonga-Hunga-Ha'apai sumendiaren erupzioak tsunami bat eragin du gaur goizaldean Tongan. Itsas azpian dago sumendia, Fonuafo'ou uhartearen hego-ekialdean, 30 kilometrora, eta 20.000 metroko altuerara jaurti ditu errautsak. Tsunami alertaren ondorioz, Tongako agintariek kostaldea husteko agindu dute. Tsunamiak hildakorik ez dago oraingoz.

Tsunamiaren lehen olatuek hondartza inguruan dauden hainbat etxe harrapatu dituzte, New Zealand Times-en arabera. Palauli eta Satupaitea herrixketan ehun familia inguru ebakuatu dituzte. Sumendiaren errautsak Nuku'alofa hiriburura iritsi dira.

Fijira ere iritsi da tsunamia, eta han ere ebakuatzeko deia emana zuten agintariek. Babesa hartzeko guneak irekitzeaz gain, airearen kalitatea neurtzeko ere eskatu dute agintariek. Ur biltegiak estaltzeko eskatu diete herritarrei, eta euri azidoa iristen bada, etxean geratzeko.

Samoa Estatubatuarrean ere eman dute tsunami alerta, baina gero bertan behera utzi dute. Zeelanda Berrian ohartarazi dute Chatham Uhartearen eta Ipar Uhartearen ipar eta ekialdeko kostaldean itsaslaster biziak eta ustekabeko olatuak daudela.

Australiak ere eman du tsunami alerta Hegoaldeko Gales Berrian, Queenslanden eta Norfolk Uhartean. Gainera, laguntza eskaini dio Tongari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.