Frantzia

Frantziako presidente izateko hautagai izango da Christiane Taubira

Lyonen iragarri du primarioak irabazten baditu hautagai izango dela apirileko bozetan.

Taubira, artxiboko argazkian. STEPHANIE LECOCQ, EFE
2022ko urtarrilaren 15a
13:37
Entzun

Frantziako Justizia ministro ohi Christiane Taubira presidentetzarako hautagai izango da. Hala iragarri du gaur goizean Lyonen egin duen agerraldian; betiere, zehaztu duenez, primarioetan behar bezainbesteko babesa jasotzen badu.

Apirilean dira egitekoak Frantziako presidentetzarako hauteskundeak, eta, ezkerrean, Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko hautagaia eta Yannick Jadot ekologista ez dira iristen botoen %10era ere aurreikuspenetan. Hor egin nahi du lekua Taubirak. Primarioetako emaitza errespetatu egingo duela azpimarratu du, edozein delarik ere.

Primarioak Frantziako kolektibo independente batek antolatu ditu. Urtarrilaren 27an eta 30ean egingo dute inkesta, eta Taubiraren izenarekin batera, Pierre Larrouturou eurodiputatu oiharena eta Charlotte Marchandise osasun publikoko adituarena egongo dira.

Iragarpenen arabera, Emmanuel Macron presidenteak botoen %20-25 bitartean izango lituzke hauteskundeak orain egingo balira. PSk Anne Hidalgo aurkeztuko du, baina azken inkesten arabera, botoen %5era ere ez da iristen Parisko auzapeza.

Taubira ezaguna da Euskal Herrian. Iaz Josu Urrutikoetxea aske uztearen aldeko adierazpen bat sinatu zuen. Duela lau urte BERRIAk egin zion elkarrizketa batean, adierazi zuen iheslarien auzia konpondu beharrekoa dela. 2015ean, Justizia ministro zela, euskal presoak hurbiltzearen alde mintzatu zen. 2016ko urtarrilean eman zuen dimisioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.