Pentsioak

Pentsio duinak eskatzeko manifestazioek milaka herritar batu dituzte

Mobilizazioak egin dituzte eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait herritan. Ospakizunetik eta aldarritik izan dute elkarretaratzeek.

Jendetza batu da Gasteizen, hiriaren erdigunean egin dute manifestazioan. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko urtarrilaren 15a
14:54
Entzun

Milaka herritar mobilizatu ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, gehiengo sindikalaren eta gizarte eragileen babesarekin, «pentsio duinak» eskatzeko eta indarrean jarri berri den sistema arbuiatzeko. Lau urte dira pentsiodunen mugimenduak indarra hartu zuenetik, eta urteurrena baliatuz manifestazio jendetsuak egin dituzte eguerdian Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Eibarren (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Tafallan, Altsasun eta Lizarran (Nafarroa). Orain arte lortutakoaz «harro» egon arren, aldarrikapen nagusiei eusten dietela gogorarazi dute.

2018ko urtarrilaren 18an hasi ziren pentsiodunen protestak, eta geroztik 180 astetan atera dira kalera pentsioen alde. Gaur ere Berdin dio nork gobernatu, guk pentsio publikoak defendatu! leloarekin atera dira kalera. Bilbo izan da pentsiodunen mugimenduaren erdigunea orain arte, eta gaur ere manifestaziorik jendetsuena han egin dute.

Pentsioen murrizketen kontrako mezuak ozen entzun dira mobilizazioak egin dituzten herri eta hiri guztietan, nolanahi ere. Gasteizen, esaterako, hiriaren erdigunetik burutu dute manifestazioan askotariko oihuak egin dituzte: «Pentsio duinak guztiontzat»; «Zahar etxe publikoak orain»; «Murrizketarik ez»; «Nagusien pobrezia, emakume aurpegia».

Ospakizuna eta aldarria

Ospakizunetik eta aldarritik izan dute elkarretaratzeek, halere; izan ere, manifestazioaren amaieran irakurritako mezuan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gogorarazi du milaka lagun batu dituela protestak urte hauetan, eta pentsio sistemari buruz erakundeek hartu dituzten erabakiak baldintzatu dituztela horri esker. «Oso harro gaude egindakoaz», azpimarratu dute. «Gure mobilizazioek gure pentsioak are gehiago murrizteko aurreikusita zeuden neurriak posible izatea eragotzi dute».

Horien artean daude, besteak beste, PPren gobernuak aplikatu nahi izan dituen %0,25eko igoera eta Iraunkortasun Faktorea. Aitortu dute, ordea, ez dutela horrekin aski, beraien eskaera nagusiak aintzat hartu gabe segitzen dutelako. Alegia, gutxieneko pentsioa 1.080 euro izatea, eta pentsioak KPI kontsumo prezio indize «errealaren» arabera eguneratzea.

Ez daude konforme, halaber, Espainiako Gobernuak iragan abenduan onartu berri zuen pentsioen erreformarekin ere, ez dituelako aurreko gobernuen «murrizketak indargabetzen». «Gutxieneko pentsioek miserableak izaten jarraituko dute, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala betikotzen da, eta ez dira indargabetzen erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak», ohartarazi dute.

Hain zuzen ere, sistema berriari esker, aurreko urteko inflazioaren araberako eguneratuko dira pentsioak aurten: %2,5, hau da, 32 euro batez beste. Pentsiodunen hitzetan, ordea, gutxiegi da hori, eta salatu dute erosahalmena galduko dutela, «%3 baino gehiago». Izan ere, inflazioa %6,5 izan da 2021ean guztira. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuei eskatu diete gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzeko.

Lan erreformari ez
Espainiako Gobernuak onartu asmo duen lan erreforma ere hizpide izan dute pentsiodunek: «Bete ez den beste konpromiso bat da». Gogorarazi dute «pentsio duinak» ordaintzeko «soldata duinak» behar direla, oraingo soldatei dagozkien kotizazioei esker ordaintzen direlako gaurko pentsioak orain. Horregatik, lege egitasmoa ez onartzeko eskatu diete alderdiei. «Hori ez da lan prekarietateari aurre egiteko eta gure pentsioek ordaintzen dituzten gizarte kotizazioak hobetzeko behar den erreforma».

Orain arteko aldarriei eusteko asmoa du pentsiodunen mugimenduak aurrerantzean ere. Eta datozen aste eta hilabeteetan ere kalean mobilizazioekin jarraitzeko asmoa azaldu dute: «Astelehenean kalera aterako gara berriz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.