Migratzaileak

55 pertsona zeramatzan ontzi bat hondoratu da Mendebaldeko Saharako kostaldean

Kostazainek hamar lagun erreskatatu dituzte onik, eta beste bi hilik. Desagertutzat jo dituzte gainontzekoak. Salatu dute Marokok 11 ordu behar izan zituela erreskatera joateko.

Hierrro uhartera heldutako migratzaile talde bat, artxiboo argazki batean. GELMERT FINOL, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 17a
10:37
Entzun

Beste ezbehar batekin hasi da eguna Mendebaldeko Saharako uretan. Kanarietara zihoan ontzi bat hondoratu egin da Tarfayatik gertu, eta gutxienez 43 pertsona desagertutzat jo dituzte. Marokoko kostazainek hamar lagun atera dituzte onik uretatik, eta bi hildako aurkitu dituzte. Hiru adingabe daude desagertuen artean.

Kanarietako Gobernuak jakinarazi duenez, kostazainek Tarfayara eraman dituzte erreskatatutakoak. Gobernuaren migrazioetarako aholkulari Txema Santanak gogorarazi du iaz inoiz baino pertsona gehiago hil zirela bide horretan «bizitzen jarraitzeko ahaleginean». Alarm Phone gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, bart gauerdian jaso zuten laguntza deia: «Erabat izututa zeuden. Heriotzak eragotz zitezkeen, baina, beste behin, Marokok huts egin du bere betebeharretan. 11 ordu behar izan dituzte erreskatera joateko».

Horrez gain, azken orduetan beste 75 pertsona erreskatatu dituzte Atlantikoan, eta Kanarietara eraman dituzte. Hala jakinarazi du Santanak berak, eta bide batez ohartarazi du haize gogorra eta ekaitzak espero dituztela kostaldean datozen orduetan. Iaz, 4.016 pertsona hil ziren Kanarietara iristeko ahaleginetan, aurreko urtean baino %120 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.