Musika

Herritarren «zerbitzura» jotako doinuak

Hiru Txulo: Donostia eta txistua liburua ondu du Aritz Gorrotxategik, Donostiako Udalaren eta Ereinen eskutik. Isidro Ansorena goratu dute, Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendari ohia.

Jose Ignazio Ansorena eta Eneko Goia, gaur goizean, Donostiako udaletxeko prentsa aretoan. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
2022ko urtarrilaren 17a
18:02
Entzun

Itsasotik begiratuta, hiru sarrera omen ditu Donostiak. Hiru zulo. Eta hiru zulo ditu txistuak ere. Bada, biak behatzeko eta bien arteko loturetan sakontzeko lana egin du Aritz Gorrotxategi idazleak, Erein argitaletxearen eta Donostiako Udalaren enkarguz, eta hainbat material bilduz horretarako, izan Donostia Kulturako iturrietatik lortutakoak, izan Euskal Herriko Txistularien Elkarteak zein Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak eskura jarritakoak. Hiru Txulo. Donostia eta txistua izeneko liburuan plazaratu du emaitza, eta San Sebastian egunaren bezpera giroan aurkeztu dute lana, efemeride bat baliatuta: Isidro Ansorenak Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendari kargua hartu zueneko mendeurrena. Instrumentuaren historian, oihartzun handiko izena da harena, eta hala oroitu du haren «biloba, besoetako eta ikasle» izan zen eta egun Donostiako Txistulari Taldeko zuzendari den Jose Ignazio Ansorenak: «Pertsona apal bat izan zen. Eta badakigu apalenak izaten direla handienak».

COVID-19 gaitza tarteko, Gorrotxategiren faltan egin dute liburuaren aurkezpena Ansorenak, Inazio Mujika Ereineko editoreak eta Eneko Goia Donostiako alkateak. Arrazoi pertsonalak direla eta, instrumentua «bereziki estimatua» duela aipatu du Goiak, eta hiriko historiaren eta kulturaren berri izateko liburuak egin duen ekarpena nabarmendu du. «Hau hiri txikia da eta ezagutzen dugu elkar, baina liburua irakurri dut, eta hainbat gauza deskubritzeko aukera eman didala aitortzen dut», esan du.

Isidro Ansorenaren «iritsieraren» mendeurrena izan da liburua ontzeko aitzakia, baina ez da soilik haren inguruan ari argitalpena. Hiru ataletan erdikoa eskaini diote haren biografia aletzeari, eta aurrekoa eta ondokoa, berriz, txistuaren historiaz eta txistulari elkartearen eta hiriaren arteko harremanaz aritzeko baliatu dituzte, hurrenez hurren.

«Modernitatearen ikur»

Greziar mitologiatik Erdi Arora, gaurko egunetaraino helduz; XVIII. mendeko eraberritzetik eta XIX. mendeko abertzaletasun eta dantzaren garrantzitik, 36ko gerraren etenetik eta txistu elkarteen eta are katedraren sorreratik igarota. Instrumentuaren jatorria eta bilakaera landu ditu Gorrotxategik liburuaren lehen atalean, eta, bide horretan, Erdi Aroan «flauta soil» izatetik «biko tresna» izatera igaro zeneko mugarria azpimarratu du Ansorenak: «Hiru zulo soilik edukita, esku bakar batez jo zitekeela eta bestea libre geratzen zela deskubritu zuen Erdi Aroan norbaitek. Txistua eta danbolina batze hori modernitatearen ikur bihurtu, eta tximista bezala zabaldu zen, Europan eta handik kanpo».

Tresnak erroak bota zituen lekuetako bat izan zen Euskal Herria, Ansorenaren esanetan. «XIX. mende amaieran, ilustratuek hartzen dute tresna eta egokitzen dute beren erara; orduan sortzen da txistua: flauta- danbolin hedatuaren euskal aldaera».

XX. mendea «zorioneko» garaia izan zen txistuarentzat, Ansorenaren esanetan, besteak beste, hainbat euskal konpositore esanguratsuk ere idatzi baitzituzten obrak instrumentuarentzat. Mende horretan bihurtu zen Isidro Ansorena ere Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendari, 1922an, eta talde hura «gorenera» hark eraman izana aitortu diote liburuan.

Abertzale salatua

San Sebastian egunez, urte horretako urtarrilaren 20an jo zuen aurreneko aldiz txistua hirian Ansorenak; ordurako bazuen ospe handia, ordea, Hernaniko (Gipuzkoa) taldearekin sari zenbait irabazi izanagatik. Haren biografiak eta jasotako pasadizoek «gauza askotaz pentsatzeko aukera» ematen dutela aipatu du Ansorena bilobak, eta, abertzalea izanik, karlistekin zein agintari frankistekin izandako talkak ekarri ditu gogora. Liburuan dator, esaterako, 36ko gerra betean jarri zioten salaketaren faksimilea, zeinari Ignacio de Lojendio Irureren laguntzaz —Donostiako etxe aberats, euskaldun eta eskuindar bateko abokatua— egin zion aurre.

Txistulari elkartea eta hiria izeneko azken atalean, 36ko gerraren ostean atzera elkartea martxan jartzeko Isidro Ansorenak egin zuen lana ekarri dute gogora, eta hark bere jarduna ulertzeko zuen modua nabarmendu du Ansorenak: «Isidrok zerbitzu gisa ikusi zuen beti bere lana, eta hori niretzat irakasgai handia izan da». Eta erantsi: «Gaur egun, ez dakit oso ondo ulertzen den besteekiko jarrera hori».

Ixteko, aitorpen bat eta «zor kitatze sinboliko bat» egin gura izan du Gorrotxategik epilogoan, birraitonaren istorioa berreskuratuta: Eugenio Gorrotxategirena, zeina Zegamako (Gipuzkoa) Udalaren txistulari taldeko zuzendaria izan zen, gerra aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.