Europako Batasuna

Roberta Metsola kontserbadorea aukeratuko dute Europako Parlamentuko presidente

Demokristauen hautagaiak sozialdemokraten eta liberalen babesa jasoko du biharko bozketan. Hiru indarren lehentasunak «zuzenbide estatua, emakumeen eskubideak, dimentsio soziala eta arau fiskalak» izango dira.

Roberta Metsola kontserbadorea, gaur, Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan. JULIEN WARNAND / EFE
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 17a
18:33
Entzun

Duela bi urte eta erdi Europako Parlamentuko demokristauek, sozialdemokratek eta liberalek adosturikoa kontuan hartuz gero, legealdiaren bigarren zatirako politikari kontserbadore bati dagokio ganberaren presidentetza hartzea. Hortaz, David Sassoliren agintaldiaren ostean —SEA Sozialista Europarren Alderdikoa zen—, EAP Europako Alderdi Popularreko europarlamentari bat bilakatuko da haren ordezkoa, bihar: Roberta Metsolak jasoko du kargu hori, Sassoliren heriotzara arte europarlamentuko lehen presidenteorde zenak, eta egunotan hark utzitako hutsunea bete duenak.

Metsola 2013tik da eurodiputatu, eta 2020ko urritik zegoen ganberako zuzendaritzan. Maltako Alderdi Nazionalistako kidea da —oposizioko indar nagusia da han—, eta baiezkoaren aldeko kanpaina egin zuen 2003an, haren herrialdea EB Europako Batasuneko estatu kide bilakatzeko erreferendumean. Europako Parlamentuko ordezkari izan aurretik, besteak beste, Maltaren EBko ordezkaritzan egin zuen lan, Bruselan.

Printzipioz, Metsolak europarlamentari kontserbadoreen, sozialdemokraten eta liberalen babesa jaso beharko luke bihar; hau da, 705etik 421ena, nahikoa lehen bozketan hautatua izateko. Baina ez da ziurra hautagaiaren aldeko babesa kopuru horretara iritsiko denik —botoa sekretua da—, zalantza handiak eragin baititu abortuaren aurka duen jarreragatik —legez kanpokoa da Maltan—.

Horretaz, kontserbadoreen hautagaiak lasaitasuna helarazi nahi izan die bi indar horiei, eta asteon haiekin bildu da, ziurtatzeko errespetatu egingo duela Europako Parlamentuak auzi oroz hartzen dituen erabakiak eta finkatzen dituen jarrerak.

SEAkoak eta Europa Berritukoak negoziatzen aritu dira egunotan EAPkoekin, Metsolaren alde bozkatzearen truke beste kargu batzuk lortzeko; tartean, ganberako presidenteorde postu gehiago —hirutik bostera pasatuko dira—, baita idazkari orokorrarena ere, baina hori azkenean ez da adostasunaren parte izan. Hain justu, biharko bozketak eragina izango baitu botere balantzan: Europako Parlamentuko presidentea demokristaua izango denez, familia politiko horrek EBko erakundeetako hiru postu garrantzitsuenetako bi izango ditu, Europako Batzordeko presidentetzarekin batera —Ursula von der Leyen da karguduna, 2019tik—.

Eta badirudi elkarrizketa horiek guztiek arrakasta izan dutela, sozialdemokratek gaur arratsaldean jakinarazi baitute Metsolaren alde bozkatuko dutela liberalekin batera. Adostasunak «gehiengo sendo bat bermatzeko» beharra aipatzen du, eta abortuaren aferari erreferentzia egiten dio, hiru indar politikoen lehentasunak «zuzenbide estatua, emakumeen eskubideak, dimentsio soziala eta arau fiskalak» izango baitira.

Hala, Metsola Europako Parlamentuko presidente kargua hartuko duen politikaririk gazteena bilakatuko da —bihar 43 urte beteko ditu—, eta hori egiten duen hirugarren emakumea.

Beste hiru hautagai

Eurodiputatu kontserbadoreak garaipena ziurtatua duen arren, hiru hautagai izango ditu aurrean: Alice Bah Kuhnke ekologista (Suediakoa), Sira Rego ezkertiarra (Herrialde Katalanetakoa) eta Kosma Zlotowski ultrakontserbadorea (Poloniakoa).

Prozesua biharko 09:00etan hasiko dute, eta lau presidentegaiek beren burua aurkeztu beharko dute. Ordu erdi izango dute horretarako, eta, horren ostean, 45 minutu iraungo duen bozketa hasiko dute; horren emaitza 11:00etan jakinaraziko dute, eta, printzipioz, orduan izendatuko dute Metsola ganberako presidente. Botoen gehiengo osoa lortuko ez balu, beste bi bozketa egin beharko lituzkete: 13:00etan eta 16:30ean.

Laugarrena egin beharko balute, soilik bi hautagaik parte hartu ahalko lukete, hirugarrenean babesik handiena lortuko luketen biek. Hori gertatuko balitz, 18:30ean emango lukete azken emaitzaren berri.

Europako Parlamentuko buruaren egitekoen artean daude saioak gidatzea, europarlamentarien lana gainbegiratzea, eta ganbera EBko beste erakundeen aurrean eta atzerrian ordezkatzea, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.