Villarejo auzia

Iberdrolak dio Galan «jazarpen kanpaina sistematiko» baten biktima dela

Konpainia «eskuz aldatzeko» estrategia batekin lotu du haren inputazioa. Iberdrolako presidenteak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du gaur, Villarejo komisarioaren espioitza auzi batekin lotuta. Enpresak dio gertakariak preskribatuta daudela eta lekuko nagusiak aurkeztu dituen frogak «faltsuak» direla.

Sanchez Galan, laugarrena ezkerretik, Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen, astearte honetan. ZIPI (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 18a
12:42
Entzun

Iberdrolak salatu du Ignacio Sanchez Galan presidentea «jazarpen kanpaina sistematiko» baten biktima dela, eta konpainia «eskuz aldatzeko estrategia» baten barruan kokatu du haren inputazioa. Galanek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du astearte honetan, Jose Manuel Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiarekin zerikusia duen auzibide batekin lotuta.

Ikerketaren arabera, Galanek Villarejo kontratatu zuen haren lehiakideak zelatatzeko, gobernuarekiko harremanetan laguntzeko eta konpainian zuen boterea sendotzeko, legez kanpoko espioitza metodoak, mehatxuak eta gisakoak erabilita.

Konpainia energetikoaren arabera, auzibidearen oinarrian Jose Antonio del Olmo Funtzio Korporatiboen Kontrolerako zuzendari ohiaren «salaketa faltsu bat» dago. Hura arduratzen zen zenbait sailetatik iristen zitzaizkion fakturak gainbegiratzeaz eta oniritzia emateaz, eta, epailearen aurrean deklaratu zuenez, Villarejoren enpresa baten ustezko faktura irregularraren berri eman zion bere nagusiari, eta, haren baiezkoa jaso ondoren, fakturak sinatu eta notario bati jakinarazi zion gertatutakoa, «bizkarra gordetzeko».

Aitzitik, Iberdrolak ziurtatu du berak ez duela hori hala izan zela erakusten duen ezer, eta gogorarazi du Del Olmo orain dela gutxi zigortu dutela enpresako dokumentazioa lapurtzeagatik, eta azken urteetan «justifikatu gabeko» ondare gehikuntza bat izan duela. Galanen aurkako salaketa «lekuko babestu gisa» egin duela nabarmendu du, halaber.

Astelehenen honetan, Rafael Orbegozo Iberdrolako Presidentetza Kabineteko buru ohiak ere deklaratu du epailearen aurrean, eta esan du bere karguan egon zen bitartean ez zuela gainbegiratu salatutako enkarguekin lotutako fakturarik, baimendu zituen guztiak bat zetozela kontzeptu errealekin eta zuzendariek egindako bidaiekin. Bertsio hori ez dator bat Antonio Asenjo Segurtasuneko zuzendari ohiak adierazitakoarekin: aitortu zuen fakturak manipulatu zituela emandako zerbitzuekin bat etor zitezen.

Florentino Perezen «itzala»

Galanen inputazioaren atzean «antolatutako kanpaina» bat dagoela dio Iberdrolak, eta horren «helburu bakarra» multinazionala eskuz aldatzea dela, «nazioartean duen balio handiagatik». Interes horrekin lotuta, izen bat aipatu du: Florentino Perez ACS eraikuntza enpresako eta Real Madrid futbol taldeko presidentea. Azpimarratu du auzibidean Perezek ez duela frogatu kaltetua izan denik eta bai, ordea, Galani kalte egiteko interesa duela.

Iberdrolako buru izateko urratsa egin zuen Perezek 2009an, akzioen %20 erosita, eta hori eragozteko aurretik kontratatu omen zuten Villarejo Galanek edo haren gertukoek. Konpainiak aitortu du egungo presidenteak «geldiarazi» egin zuela operazio hori, baina ez du zehaztu nola; hala ere, nabarmendu du Villarejo Iberdrolaren interesen aurka aritu zela eta ez alderantziz.

Bestalde, Iberdrolak uste du ikerketa abiatu duten gertakariak «erabat iraungita» daudela eta ziur azaldu da auzibidearen amaieran ez dela zigor epairik egongo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.