Hezkuntza

ELAk salatu du Jaurlaritzak beste zerrenda bat erabili duela hezkuntzako ordezkapenetarako

Sindikatuaren ustez, hezkuntzan langileak falta dira ordezkapenak behar bezala kudeatzeko, eta «gabezia horren ondorioz» sortu dute zerrenda.

Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza opozizioetako argazkia. Artxiboko irudia. IREKIA
unai etxenausia
2022ko urtarrilaren 19a
17:31
Entzun

ELA sindikatuak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren onespenarekin, irakasleen ordezko zerrenda ofizialetatik at eta horiek arautzen dituzten arauak urratuz, Bizkaiko hezkuntza ordezkaritzak «beste arauz kanpoko zerrenda bat osatu du». ELAk uste du hezkuntzan langileak falta direla ordezkapenak behar bezala kudeatzeko, eta «gabezia horren ondorioz» sortu dutela zerrenda. Pandemiaren kudeaketa inprobisatuaren beste adibide bat dela esan dute.

«Onartezina» da sindikatuarentzat. Ordezkapenetarako hurrenkera ez dutela errespetatzen dio, eta «zerrenda paraleloko kideei» telefonoz deitzen zaie Bizkaiko eskoletako zenbait espezialitateetan sortzen diren azken orduko bajen aurreneko eguna betetzeko. «Horrek esan nahi du Jaurlaritzak berak ordezkapenak kudeatzeko sortutako Ordezkagunea plataformari bizkar emanez jardun duela Bizkaiko Hezkuntza ordezkaritzak», salatu du ELAk.

Sindikatuak Hezkuntza Sailari eskatu dio «atzera bota» dezala zerrenda paralelo hori eta ordezkapenak ordezkoen zerrenden hurrenkera errespetatuz egin ditzala. Are, zerrenda hori indarrean egon den bitartean ordezkapen horiek egiteko lehentasuna zuten hautagai guztiei «galdutako lan egunak konpentsatzeko» eskatu du.

Hezkuntza Sailaren erantzuna

ELAk egindako kritiken aurrean, Hezkuntza Sailak esan du «egun bakarrerako izendapenak» betetzeko izan dela. Horrez gain, pandemia egoera dela eta, «salbuespenez sortutako zerrenda» izan da, Hezkuntza Sailak azaldu duenez: «azken unean jakinarazten diren bajak kudeatzeko helburuarekin egin da zerrenda, eta onuragarria izan da ikastetxe askorentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.