Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zahar etxeetako neurri batzuk arindu dituzte

Positibo ematen duten egoiliarren bakartze aldia zazpi egunera murriztu dute, eta txertatutako kontaktu estuak eguneko zentroetara joan ahalko dira.

Adineko egoitza bat. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urtarrilaren 20a
10:34
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek arindu egin dituzte zahar etxeetako protokoloak, eta gaurtik aurrera indarrean izango dira neurri berriak. Horien arabera, aurrerantzean positibo ematen duten egoiliarrek bakartuta egon beharko dute zazpi egunez– eta ez hamar egunez, orain arte bezala–, baldin eta azken hiru egunetan sintomarik gabe badaude; prebentzio neurriak zorroztu beharko dituzte sintomak agertu direnetik hamar egunera arte, protokoloak zehazten duenez. Gainera, txertatutako kontaktu estuek aukera izango dute eguneko zentroetara joateko, eta, zahar etxeetako kontaktu estuen kasuan, gelatik atera eta ibilaldi «terapeutikoak» egin ahal izango dituzte, senide batekin edo zentroko langile batekin batera.

Erakundeek astelehenean eguneratu zuten adinekoen egoitzetako protokoloa. Dokumentuak dio COVID-19aren izurritearen bilakaerak «okerrera» egin duela, eta haren eragina zentro soziosanitarioetan sumatzen hasiak direla, baina egoiliar gehienek txertoaren hiru dosiak hartuak dituztenez transmisioa ez dela hainbeste zabaldu eta kutsatutako gehienek sintoma arinak dituztela. Horiek hala, erabaki dute orain arteko neurri zorrotz batzuk malgutzea zahar etxeetan eta menpekotasun handia dutenen zentroetan.

Seigarren olatuarekin batera sartu da atzera birusa zahar etxeetan. Erakundeek emandako azken datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeetan gutxienez 1.327 positibo atzeman dituzte: 286 Arabako egoitzetan, 600 Bizkaikoetan, eta 441 Gipuzkoakoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.