Otsailetik aurrera, Austriak 3.600 eurorainoko isuna jarriko die txertatuta ez daudenei

Parlamentuak gaur bozkatuko du lege proposamena. Otsailaren 1etik aurrera, txertatzera derrigortuta egongo dira 18 urtetik gorako herritarrak.

Gizon bat tabberna bateko ataria garbitzen, Vienan, iazko azaroko itxialdiaren hasieran. CHRISTIAN BRUNA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 20a
10:35
Entzun

Joan den igandean berretsi zuen Karl Nehammer kantzilerrak iaz iragarritako planarekin aurrera jarraitzeko asmoa. Hala, gaur parlamentuak lege proiektua onartuta —oposizioaren babesa ere badu—, otsailean sartuko da indarrean 18 urtetik gorako herritarrak txertatzera derrigortzen dituen araua. Txertatzetik salbuetsita egongo dira haurdunak, osasun arazoak dituztenak eta azken 180 egunetan koronabirusa izan dutenak; gainontzekoek 600-3.600 euroko isuna jaso dezakete legea urratuz gero. Ospitale publikoak finantzatzeko erabiliko dute isunekin bildutako dirua.

Joan den azaroan, kontserbadoreek eta berdeek osatutako gobernuak neurria iragarri zuenean, herritarren %65 zeuden txertatuta; egun, ordea, %71 dira. Gobernuaren esanetan, herritarrak txertatzera bultzatzeko gai izan ez zelako egin zuen lege proposamena. Legea bi urtez egongo da indarrean, baina tarte horretan haren beharrezkotasuna berrikusiko dute. Oraingoz, martxoaren 15era arteko epea jarri dute, txertoa jarri ez dutenei jakinarazteko derrigorrezkoa dela hura jartzea. Data horretatik aurrera hasiko dira isunak jartzen.

Oposizioko alderdi sozialdemokrataren babesa lortu du gobernuak legea aurrera ateratzeko, eta, gaur egun, soilik eskuin muturreko FPO dago proposamenaren aurka. Herritarren artean ere gehiago dira lege proposamena babesten dutenak: %45.

Derrigortasunarena ez da Vienak bultzatutako proposamen bakarra. Reuters agentziak aurreratu duenez, txertatuentzako zozketak ere egingo dituzte, 500 eurorainoko sariekin. Gobernuaren helburua da beste itxialdi bat ezarri beharrik ez izatea —iazko azaroan ezarri zuten azkena, hogei egunekoa—. Azken egunetan gora egin dute kasuek han ere, omikron aldaera zabaldu ahala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.