Kanpo merkataritza

Esportazioak pandemia aurreko kopuruetara itzuli dira

Petrolio olio finduak, ontzigintza eta siderurgia nabarmentzen dira. Autogintzak ere gora egin du, Araban bereziki; Nafarroan, aldiz, behera.

Ontzi bat Bilboko portuan sartzen. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 20a
12:03
Entzun

Industria jardun betean da. Gaitasuna erakutsi du osasun krisia dela-eta 2021. urtean izandako gorabeherak eta sektore guztiei eragin dien lehengaien eta energien hornidura arazoak gainditzeko. Eta baikortasuna nagusitu da. Hala egoteko arrazoiak erakusten dituzte, behintzat, esportazio datuek. 2021eko azarora artekoak %22,7 gehitu ziren aurreko urteko aldi berekoen aldean, eta pandemia aurreko mailetan kokatu ziren, Eustatek jakinarazi duenez.

2021eko lehen hamaika hilabeteetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ondasunen esportazioak aurreko urtean baino 4.358 milioi euro gehiago izan ziren: 23.584 milioi euro guztira. Eta 2019ko aldi berean baino 7,56 milioi gehiago.

Esportazioen hazkunderik handiena Bizkaian izan da: %31,5ekoa. Araban %18,8koa izan da, eta Gipuzkoan, %16,2koa. Inportazioei dagokienez, hazkundea %25,7koa izan da hiru lurraldeetan. Bizkaian, %38koa; Gipuzkoan, %28,3koa, eta Araban, %24,1ekoa. Horiek hala, esportazioen eta inportazioen arteko saldoa positiboa izan da: 4.483,3 milioi eurokoa.

Urte amaiera ona

Azaroa bereziki ona izan da: joan den urteko hil beraren aldean, sektore guztietan gehitu dira esportazioak: +%72,7 produktu energetikoetan, eta % 24 ez-energetikoetan (esportazio guztien %95 dira horiek).

Petrolio olio finduak, ontzigintza eta siderurgia nabarmentzen dira; autogintzak ere gora egin du esportazioetan, horniduren krisia gorabehera: 2020ko azaroan baino %52,2 gehiago esportatu dute sektoreko enpresek, Gasteizko Mercedesek bultzatuta, bereziki: udatik, produkzioa eten behar izan dute, baina 2020ko antzeko kopuruetan amaitu dute urtea, eta azaroan %52ko hazkundea izan zuten salmentetan. Hiru lurraldeetako esportazio guztien %8,6 izan ziren azaroan.

Inportazioei dagokienez, energiena (gasa, petrolio olioak) eta mineralena ugaritu egin dira urte batetik bestera, industriaren beharrengatik bereziki. %25,7 hazi dira kanpo erosketak 2021. urtean; azaroan %45,1ekoa izan zen, aurreko urteko hil berarekin alderatuta.

Nafarroan, behetik oraindik

Nafarroa da salbuespen bakarra. %8 handitu dira salmentak 2021ean, aurreko urtekoekin alderatuta. Eta inportazioak %23,5, Nastatek jakinarazi duenez. Hortaz, esportazioak oraindik ez dira pandemia aurreko kopuruetara itzuli. %7,7 txikiagoak dira. Bereziki, autogintzaren eraginez gertatu da hori. Volkswagenek Landabenen duen plantak nabarmen murriztu zuen produkzioa iaz. Sektore horretan, salmenten bolumena % 2,3 apaldu da, eta Alemaniara esportatuak, %30,8.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.