Confebaskek aurreikusi du 2022an 25.000 afiliatu gehiago izango direla

Datorren urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %5,9 haztea espero du, «aurtengoaren antzeko erritmoan». Uste du inflazioa apaldu egingo dela hurrengo hilabeteetan, abenduan goia jota

Pablo Martin Confebaskeko ekonomia arloko arduraduna, Eduardo Zubiaurre presidentea eta Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ /FOKU.
joxerra senar
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Baikortasuna zuhurtzia handiz azaldu zuen atzo Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek, Bilbon: «Krisiaren okerrena atzean geratu da». Nabarmendu zuen 2022an pandemia aurreko egoerara itzuliko dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia. Urtea %5,7ko hazkunde tasarekin amaituko da, eta ondorengo hamabi hilabeteetan %5,9 haztea espero du, «aurtengoaren antzeko erritmoan». Hala ere, nazioarteko testuinguru ekonomikoa ziurgabetasunez eta arriskuz beteta ikusten duenez, hazkundea %4 eta %7 arteko tartean ibiliko da, faktore horien bilakaeraren arabera: arriskuak areagotzen badira, «%4tik gertu», eta leuntzen badira, «%7tik gertuago». Enpleguari dagokionez, elkarteak aurreikusi du Gizarte Segurantzan 25.000 afiliatu gehiagok emango dutela izena.

Nazioarteko hornidura arazoen, lehengaiaren garestitzearen eta kostu energetikoaren igoeraren ondorioz, hazkunde ekonomikoa uste baino apalagoa izan da aurten. Dena den, paradoxikoki, aurreikusi baino enplegu gehiago sortu dira. Bilbon egindako agerraldian, Confebaskeko arduradunek azaldu zuten «lan merkatua lehengoratzeko urtea» izan dela. Adibidez, 2020ko apirilean aldi baterako erregulazioan zeuden langileen %95 egoera horretatik aterata zeuden urrian. Era berean, COVID-19a Euskal Herriratu zeneko otsailarekin alderatuta, 3.685 afiliatu gehiago zeuden Gizarte Segurantzan iragan azaroan; iazko azaroarekin alderatuta, jauzia nabarmena da, 17.657 afiliatu gehiago baitaude.

Egonkortasuna nagusi

Confebaskek egindako barne inkesta baten arabera, enpresek baikor ikusten dute testuingurua, eta hamarretik bederatzik egonkor antzematen dute euren merkatua. Hamarretik zazpik uste dute egungo langile kopuruari eutsiko diotela sei hilabete barru, eta beste bik kalkulatzen dute langile gehiago kontratatuko dituztela. Joera hori kontuan harturik, Confebaskek iragarri du 2022 amaierarako milioi bat landuneko langa gaindituko duela lan merkatuak, lehen aldiz.

Horrek ez du esan nahi arriskurik edo ziurgabetasunik ez dagoela. Haatik, Confebaskek espero du konpontzen hasiko direla nazioarteko hornidura katean aurten sortu diren inbutu efektuak eta gabeziak. Era berean, inflazioak beherantz egingo du. Aurten, euroaren eremuan zein Euskal Herrian %1 ingurutik %5 ingurura egin du jauzi KPIak. «Inflazioa handia da, 1992tik izandako handiena. Itxaropen izpi bat badago: azpiko inflazioa %2 baino txikiagoa dela [kostu energetikoak eta elikagaiak kenduta, inflazioaren sakoneko joera islatzen duen datua]», zehaztu zuen Pablo Martinek, Confebaskeko ekonomia arduradunak. Horregatik, aipatu zuen abenduan joko duela goia, eta 2022an beherantz egin.

Aurtengo beste arazo bat izan da «oso apala» izan dela hainbeste irrikaz espero ziren Next Generation funtsen eragina. «Apenas nabaritu den», Martinen arabera, «kudeaketa konplikatua» izan baita. «Orain badirudi benetako abiadura hartu dutela». Confebaskek uste du «Europako funtsen urtea» izango dela 2022a. Berriki, Susperraldirako eta Eraldaketa Ekonomikorako Plan Estrategikoak onartu dira, energia berriztagarriei eta automozioari lotutakoak, eta, Confebaskeko ordezkarien esanetan, 2022an eta ondorengo urteetan nabarituko da Europatik iritsiko den dirua.

Confebasken arabera, osasun krisia atzean uztea dago 2022ko erronken artean. Horretarako, funtsezkotzat jo du txertaketa prozesua gorabidean diren herrialdeetara ere iristea, bestela aldaera berriak agertzeko arriskua dagoelako. Omikronen agerpenak «berehala ondorio ekonomikoak» izan dituela adierazi zuen Zubiaurrek. Bakartzeen epea bost egunera jaisteko Madrilek zazpi eguneko epea ezarri du eta autodiagnostikoak «arduraz» erabiltzeko eskatu zuen: «Seigarren olatuak izugarrizko eragina izan du. Norberaren erantzukizunaren araberako neurri horiek erantzukizunez erabili behar dira, oker erabil ez daitezen, denoi eragiten digulako. Gauzak oker eginez gero, egoera ez da ona izango». Dena den, espero du eragina «mugatua» izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.