Alemania

Municheko artzapezpiku zela abusuen aurka ezer egin ez izana egotzi diote aita santu emerituari

Joseph Ratzingerrek lau sexu abusuren berri izan zuen, artzapezpiku zela. Abokatu talde batek egin du ikerketa, artzapezpikutzak berak eskatuta. Gerraostetik 2019ra arte salatutako abusuak jasotzen dira bertan. Marx Municheko kardinalak nabarmendu du Elizak ez dituela serio hartu izan sexu abusuak.

Ratzinger, 2020ko ekainean Regensburgen (Alemania). PHILIPP GUELLAND / EFE
Arantxa Elizegi Egilegor-Igor Susaeta
2022ko urtarrilaren 20a
12:48
Entzun

Joseph Ratzinger, gerora Benedikto XVI.a aita santua izango zena, Municheko (Alemania) artzapezpiku izan zen 1977tik 1982ra. Gaur jakin denez, Munichen lan egin zuen urteetan, izan zuen Elizaren sexu abusuen berri, baina ez zuen ezer egin. Hala egotzi diote gaur argitaratutako txosten batean. Dokumentuak Bigarren Mundu Gerraren ostetik ia gaur egun arte salatutako abusuak ikertzen ditu, eta ondorioztatu dute Ratzingerrek adingabeen aurkako lau kasuren berri izan zuela artzapezpiku izan zen urteetan, baina ez zuela neurririk hartu.

Dokumentuan jaso dutenez, aita santu emerituak ukatu egin ditu bere aurkako akusazioak. Ikerketak, ordea, kontrakoa frogatu du, hau da, sexu abusuek jarraitu egin zutela bere agintaldian, eta hark, ezer ez egiteaz gain, ez zituela erasotzaileak kargutik kendu. Aita santu emeritua ez da akusatutako bakarra. Txostenarena arabera, Elizako arduradunek entzungor egin zieten abusuei buruzko informazioei, edota ezkutatu egin zituzten. Dokumentuaren egileen esanetan, «izugarriak» izan dira jaso dituzten salaketak. Abokatu talde batek egin du ikerketa, Municheko Artzapezpikutzak berak eskatuta.

Ratzinger agintean zela gertatutako lau kasutatik bitan, «laguntza espirituala» eskaintzen zuten apaizak izan ziren erasotzaileak, eta arduradunek ez zuten neurririk hartu haien aurka. Bide beretik, ikertzaileei ez sinestekoa iruditzen aita santu emerituak bere aurkako akusazioak ukatzea, ordu hartan salaketez arduratzeko «interes falta nabaria» agertu baitzuen. «Ratzingerrek bazuen Peter H. apaizaren berri. Hura 1980an lekualdatu zuten Essengo artzapezpikutzatik Munichekora, pedofilia leporatu ondoren. Munichen, adingabeei abusuak egiten jarraitu zuen», jasotzen du dokumentuak. Aita santu emerituak dio ez zela egon lekualdaketa erabaki zen bileran, baina, ikertzaileen arabera, arraroa litzateke halako erabaki bat bera gabe hartu izana.

Ratzingerrek 94 urte dauzka orain, eta 2005etik 2013ra izan zen aita santua, Joan Paulo II.a ordezkatuz. 600 urtean, karguari uko egin dion Eliza katolikoko aurreneko liderra izan da, eta nekea argudiatu zuen. Vatikanoan bizi da oraindik ere.

«Bere artzapezpikutzan gertatzen zenaren berri eduki behar zuen Ratzingerrek», berretsi du ikertzaileetako batek, Ulrich Wastlek. Hark eta haren taldeak gaur aurkeztu dute dokumentua hedabideen aurrean, eta kritikatu egin dute aurkezpenean Reinhard Marx kardinala egon ez izana. Municheko artzapezpikua da 2007tik, eta dimisioa aurkeztu zuen iaz, Alemaniako Elizak egindako abusuei buruzko txostena argitara atera zenean. Adierazi zuen berak ere bere gain hartzen zuela«katastrofearen» erantzukizuna. Frantzisko aita santuak, baina, ez zion onartu.

Azterketa aurkeztu eta zenbait ordutara mintzatu da Marx, eta azpimarratu du «lotsatuta eta jota» dagoela. «Sentitzen dut Elizaren instituzioarekin gertatu denaren erantzukide naizela. Aspalditik dakigu Elizak ez zituela serio hartzen sexu abusuak, egileak sarritan ez zirela auzitan jarriak, eta erantzuleek beste aldera begiratu zutela», azpimarratu du telebista bidez zuzenean emandako agerraldi batean. Jakinarazi du txostena aztertzen ari direla, eta datorren ostegunean azalpen zabalagoak ematekoak direla.

1945 eta 2019 artean adingabeei egindako 497 abusu kasu zenbatu dituzte txostenean, eta horien egileak 235 pertsona dira; horietatik 173, apaizak. Txostenaren egileek zehaztu dute 247 biktima gizonezkoak zirela, eta 182 emakumezkoak. 8 eta 14 urte bitartean zituzten horien %60k. Kopuruak handiak izanagatik, askoz ere kasu gehiago izango zirela konbentzituta daude ikerketaren egileak; halaxe adierazi du gaur haietako batek, Marion Westpfahlek.

Vatikanoak, elkartasuna
Vatikanoak gaur iragarri du sakon aztertuko duela argitaratutako dokumentua. Gainera, elkartasuna helarazi die abusuen biktimei eta haien familiei, ohar baten bidez, eta nabarmendu «aurrerantzean ere» lan egingo dutela adingabeak babesteko eta haientzako «toki seguruak» sortzeko. «Kleroak adingabeei egindako abusuengatik sentitutako lotsaizun sentipena eta kontzientzia kargua nabarmendu nahi ditugu».

Ez da lehen aldia Alemaniako Eliza katolikoaren abusuak ikertzen dituztena. Iaz argitaratutako txosten baten arabera, 3.600 adingabek jasan zituzten abusuak 1946 eta 2014 bitartean. Biktima gehienak oso gazteak ziren, eta asko, meza mutilak. Azkeneko txostenean, Munich eta Freising eremuetan egindako abusuak jaso dituzte.

Azterketaren egileek adierazi dutenez, salatutako apaizetako askok beren zereginetan jarraitu zuten, Elizak haien portaeraren berri edukita ere. Martin Pusch da egileetako bat, eta jakinarazi du ikerketa egiteko baliatu dituztela bai espediente ofizialak, bai lekuko izan zirenei egindako dozenaka elkarrizketa, eta ahalegindu direla orduan Elizan erantzukizun postuetan zeudenekin hitz egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.