Egun bakarrean 122 pertsona ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian

Guztira, 1.110 gaixo daude ospitaleratuta gaitzarekin, horietako 155 ZIUetan. Nafarroan, gutxienez 6.000 lagun berrinfektatu dira izurri hasieratik.

Autodiagnostikorako gune bat Gurutzetako ospitalean. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urtarrilaren 20a
13:53
Entzun

Egoera makurrean dira oraindik Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako osasun sareak. Osakidetzak eta Osasunbideak gaur emandako datuen arabera, atzo COVID-19an positibo emandako 122 pertsona ospitaleratu zituzten, gaitzari buelta eman ezinik. Oraintxe 1.110 lagun daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan birusarekin: 955 daude gela arruntetan, eta 155 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du atzo hiru pertsona zendu zirela gaitzak jota.

Transmisioari buruzko datuei dagokienez, atzo 20.251 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik 7.667k eman zuten positibo. Beraz, Hegoaldean egindako test guztien %38 dira positibo.

Berrinfekzioak
Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak aste honetan kaleratutako txostenak jasotzen duenez, gutxienez 6.000 pertsona berrinfektatu dira birusarekin izurria hasi zenetik. Seigarren olatu honetan, gainera, asko igo da berriro kutsatu direnen kopurua: azken astean, esaterako, 1.419 kasu zenbatu dituzte; horietako bi ospitaleratu behar izan zituzten, sintomak larriagotuta.

Birusaren intzidentziari dagokionez, «oso handia» da oraindik, baina apurka behera doala ohartarazi dute txostenean. Zehazki, %20 egin du behera joan den astearekin alderatuta. Intzidentzia adin tarte guztietan da handia, baina bereziki 5 urtetik beherakoetan. Zehazki, astebetean %50 egin du gora birusaren intzidentziak ume txikienen artean, txostenean jaso dutenez.

Beste datu bat ere eman du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuaren txostenak: atzemandako positiboen %97 omikron aldaerakoak dira. Txostenean jaso dutenez, delta aldaerarekin konparatuta omikronekin kutsatutakoek «aukera gutxiago» dute larri gaixotzeko eta ospitaleratuak izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.