IV. (H)ilbeltza beka

Italiaren erraiak, beltzez

Koldo Bigurik euskaratu du Massimo Carlottoren 'Agur, maitea, ikusi arte' nobela, eta Txalapartarekin argitaratu. Lanak Italiako boterearen eta kriminalitatearen arteko harremana islatzen du.

Koldo Biguri, Garazi Arrula eta Massimo Carlotto —pantailan—, gaur, liburuaren aurkezpenean. IñIGO URIZ / FOKU
Ane Eslava.
2022ko urtarrilaren 20a
16:10
Entzun

Herrialdearen alde ilunean arakatu, aurkitutakoari bere esperientziatik jasotakoa erantsi, eta errealitatea fikziozko pertsonaia batean gorpuztu. Urrats horiek egin zituen Massimo Carlottok Agur, maitea, ikusi arte liburua ontzeko. 2001ean idatzi zuen, eta irakurle askorengan «trauma bat» eragin zuen, Italiako sistemaren ustelkeria islatu zuelako. Koldo Bigurik euskarara ekarri du orain, (H)ilbeltza bekak lagunduta, eta Txalapartarekin argitaratu du. Gaur aurkeztu dute lana Carlottok eta Bigurik, Garazi Arrula editorearekin batera, Iruñeko Karrikiri elkartean. Carlottok modu telematikoan parte hartu du.

Carlotto nobela beltzeko italiar idazle esanguratsuenetakoa da; obra oparoa du idatzita eta hizkuntza askotara itzulia. Haren literatura lanak sona izan aurretik, baina, Carlotto beste auzi batengatik izan zen ezaguna: Lotta Continua antolakunde komunistako militantea izan zen 1970eko hamarkadan, eta hilketa bat egotzi zioten, bidegabeki. Prozesu judizial katramilatsu bat bizi izan zuen, eta epaiketa askotara eta erbestera ere eraman zuen. Azkenean, indultua eman zioten. Gerora, bizipen horiek «literaturarako bazka» eman diote, Arrularen hitzetan.

Agur, maitea, ikusi arte liburuan ikertu zuen zer harreman duten Italiako botere finantzario, politiko eta industrialek kriminalitate antolatuarekin. «Italian ekonomia formala eta informala ez dira bereizten; legezkoa eta legez kanpokoa gero eta nahasiago daude, eta hori sistematikoa bihurtu da», azaldu du idazleak.

Errealitate hori fikziora eramateko eraikitako pertsonaiak Giorgio Pellegrini du izena. Ezker muturreko militante ohia da, eta zenbait urte erbestean igaro eta gero, Italiara itzuliko da. Espetxea saihesteko, garai batean kamarada izan zituenak saldu, eta gizartean gora egiteko amarru eta azpijokoetan arituko da. Biguriren irudiko, pertsonaia «gorrotagarria eta amorala» da, eta baita «misoginoa» ere: «Liburuan agertzen diren emakume guztiak biktimak dira, objektuak; ikusten da emakumeak kriminalitatearen biktimak direla, ez protagonistak».

Carlottok argi utzi du liburua ez dela autobiografikoa —zenbaitetan hori egotzi badiote ere—, baina onartu du idazteko bere esperientziatik edan zuela, errealitatean Giorgio Pellegrini bezalako pertsonak ezagutu zituelako. Militante ohi askok egindako traizioa gogoraraztea garrantzitsua dela ere nabarmendu du.

Baina, bizipenetan babesteaz gain, ikertzen ere aritu zen liburua osatzeko, «kazetari batek egingo lukeen bezala»: «Ez da fikziora eramandako kazetaritza lana, fikzioa da; baina agertzen diren gauzak errealak dira», zehaztu du.

Duela bi hamarkada publikatu zuten nobela Italian, eta orduan gizartearentzat «traumatikoa» izan zela esan du: «Pertsonaia gogorra da, ez da batere erromantikoa». Jende askorentzat ezezaguna zen egia bat eman zuen aditzera, eta askori kostatu zitzaien sinestea; baina, harentzat, horrek behar luke literatura beltzaren helburua: «Krimenak behar du izan errealitatea kontatzeko aitzakia».

Erregistroen nahasketa

Bigurirentzat itzulpen prozesua «atsegina» izan da: «Nahiko azkar egin nuen, gogo handiz». Testua «irakurterraza» dela dio, ez dela katramilatzen, eta esaldiak «sinpleak baina indartsuak» direla.

Liburuan erregistro ezberdinak tartekatzen dira, pertsonaia inguru burges batetik datorrelako, eta hortik jasotako hizkera duelako, baina, aldi berean, beste espazio batzuetan hizkera kaletarra darabilelako. Bigurik kontatu du zaila egin zaiola itzulpenean erregistro horiek egoki islatzea, eta, horri lotuta, premiazkotzat jo du euskarazko fikzio oparoa izatea, zenbait erregistro soilik fikzioaren bitartez jasotzen direlako: «Fikzioak ematen dizkigu munduaz hitz egiteko eta pentsatzeko tresnak».

Literatura beltza sustatzeko laugarren (H)ilbeltza bekari esker itzuli du liburua. Beka horretan, fikzioa eta itzulpena tartekatuz doaz, eta orain arte nobela hauek argitaratu dituzte, Carlottorenaz gain: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak; Patricia Highsmithen Lardaska, Josu Barambonesek euskaratuta; eta Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak. 2021eko beka Eneko Barberenak irabazi zuen, Xukunetatik aldendu ahala izeneko proiektua gauzatzeko. 2022ko beka deialdia abian da, Fred Vargasen Debout les morts frantsesetik itzultzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.