Musika

Meat Loaf kantari estatubatuarra hil da

Mundu mailako arrakasta handia lortu zuen 1970eko hamarkadaren amaieran, 'Bat Out of Hell' diskoarekin

Meat Loaf, 2010eko argazki batean. SERGIO DIONISIO / EFE
mikel lizarralde
2022ko urtarrilaren 21a
10:37
Entzun

Ahots indartsuko kantaria izan zen Marvin Lee Aday, eta boz horrek eta interpretatzeko modu ia antzeztuak egin zuten ezagun, Meat Loaf izen artistikoarekin, 1970eko hamarkadaren bigarren erdian. Jim Steinman konpositorearekin elkartu zen urte haietan, eta bien artean ondu zuten rockaren historian inoiz izan diren disko arrakastatsuenetariko bat: Bat Out of Hell (1977). Lan epiko hark agerian utzi zituen bi musikarien zaletasunak: Phil Spectorren soinu hormak, Bruce Springsteenek Thunder Road-en gisako kantuetan isuritako epika eta ikusgaitasun ia gehiegizkoa. Emaitza: arrakasta itzela. Wikipediaren arabera, ordudanik diskoaren 43 milioi ale saldu dira mundu osoan. Kantaria 74 urterekin hil da, buruan oraindik hainbat proiektu zituela.

Dallasen jaio zen, eta, gazte zela, Los Angelesera lekualdatu zen; han hasi zuen bide artistikoa. Oihartzun handirik gabeko talde bat osatu, eta, berehala, musikaletarako jauzia egin zuen. Hair-en parte hartu zuen, eta, segidan, The Rocky Horror Picture Show-n. Horri esker, izen bereko filmean ere parte hartu zuen, 1975ean. Baina une gorena bi urte geroago iritsi zitzaion, Steinmanekin elkartu eta Bat Out of Hell diskoa grabatu zuenean. Kostatu zitzaien lana saltzea, eta diskoetxe askok atzera bota zuten, baina argitaratu zutenean arrakasta izugarria lortu zuen, nahiz eta kritikak ez ziren onak izan. Lan hartan zeuden, baina, Meat Loaf definitu zuten ezaugarriak: rock gogorra, melodiarako joera nabarmena eta epika gainezka.

[youtube]https://youtu.be/C11MzbEcHlw[/youtube]

Handik aurrera, ez zuen lortuko arrakasta berrestea, eta, 80ko hamarkadan hainbat disko kaleratu arren (Dead Ringer, Midnight at the Lost and Found), berriro elkartu behar izan zuen Steinmanekin lehen disko haren jarraipenak grabatzeko: Bat Out of Hell II: Back into Hell (1993) eta Bat Out of Hell III: The Monster Is Loose (2006).

[youtube]https://youtu.be/KSTIsZULYmY[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.