Ukraina

NATOko tropak Errumania eta Bulgariatik erretiratzeko eskatu die Errusiak AEBei

AEBetako Estatu idazkaria eta Errusiako Atzerri ministroa Genevan bildu dira gaur Ukrainako tentsio giroa baretzeko asmoz. Errusiak ukatu du Ukraina okupatzeko asmoa duela.

AEBetako Estatu idazkari Anthony Blinken, eta Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov, gaur Genevan. MARTIAL TREZZINI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 21a
11:47
Entzun

Gerra hotsak ozenduz doaz Ukrainan, eta oraingoz behintzat ez dirudi haiek isiltzeko ahaleginek arrakastarik izan dutenik. Azken egunetako mehatxu eta ohartarazpenek ez dute laguntzen, baina bi aldeek jarraitzen dute mahaiaren inguruan esertzen, eta bada zerbait. Gaur beste aukera bat eman diote diplomaziari. Genevan bildu dira AEBetako Estatu idazkari Anthony Blinken eta Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov, elkarri jarritako baldintzez hitz egiteko. Moskuk dagoeneko aurreratu du zer eskatuko dien AEBei eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari, urrats bat atzera egitearen truke: atzerriko tropak, armak eta ekipamendua erretiratzea 1997an NATOko kide ez ziren herrialdeetatik, besteak beste, Errumania eta Bulgariatik.

Errusiako Atzerri Ministerioak ateratako oharrak gogor kritikatu du NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergen jarrera ere, eta leporatu dio Suedia eta Finlandiari presio egitea, erakundearekin bat egin dezaten: «Ziur gaude, une nahasi hauetan, segurtasuna bermatzeko modurik onena dela bloketik urrun mantentzea. NATOk zabaltzeari utzi behar dio, eta Errusiako muga inguruetan armak hedatzeari». AEBekiko harremanak «une arriskutsu eta larrira» heldu direla ohartarazi du Moskuko diplomaziak, eta elkarrizketa «sakonak» eskatu ditu. Horrez gain, galdegin die Washingtoni eta haren aliatuei egin ditzatela urratsak, «Errusiaren segurtasuna bermatzeko».

Bestelakoa da Mendebaldearen ikuspuntua. Blinkenen esanetan, Aliantza «defentsarako» erakunde bat da, «erabateko gardentasunez» jokatzen duena; ez, hala, Errusia. «Azken urteetako arazoa ez da NATO. Bertako kide direnek beren borondatez egin dute urratsa. Errusia izan zen Ukrainari eraso egin ziona; Errusia Georgiaren aurka jo zuena. Errusiak tropak ditu Moldavian, herriaren borondatearen aurka. Errusia da Europako segurtasunari erronka jo diona», adierazi du AEBetako Estatu idazkariak. Dena den, bilera osteko agerraldian iragarri du beteko dutela Moskuk eskatutakoa, eta idatziz erantzungo dietela haren galderei, beranduenez datorren astean. Horrez gain, Etxe Zuriak ez du baztertu AEBetako presidente Joe Biden eta Putinen arteko bilera bat egitea ere, gatazka bideratzeko. «Europa eta AEBak prest daude Errusiarekin aurrez aurre egoteko, hark edozein bide aukeratzen duela ere», esan du Blinkenek.

Errusiarekin «harreman egonkorragoa» eraikitzea litzateke Washingtonen asmoa elkarrizketa hauetarako, baina asmo horien arrakasta Moskuren esku dagoela nabarmenduz. Alemaniako kantziler Olaf Scholzekin bildu zen atzo Blinken, eta eztabaidagai izan zituzten gaietako bi izan ziren Ukrainako krisia eta Txinarekiko harremanen erronkak, baita Nord Stream 2 gasbidea ere: «Gasbidearen aurka gaude. Merkel kantzilerra agintean zegoenean ados ginen Ukrainak bere segurtasun eta independentzia energetikoa garatu behar zuela, eta gure esku zegoen guztia egin behar genuela Errusiak gasa arma gisa erabil ez zezan. Eta jakin badakit kantzilerrak konpromiso horiek berretsi dituela».

Nor bere tokian tinko

Ez batak, ez besteak, ez dute urratsik egiteko borondaterik agertu. Etxe Zuriak dio Moskuk egin behar dituela urratsak, eta hark, berriz, ez duela mugimendurik egingo Jo Bidenen gobernuak bere eskariei erantzun bitartean. Errusiako Atzerri Ministerioak ohartarazi du ez dela elkarrizketa mahaian eseriko soilik Mendebaldeari interesatzen zaizkion gaiez hitz egiteko: «Errusiak beharrezko pausoak ematen zituen, baina trukean mespretxua besterik ez genuen jasotzen. Orain garrantzitsua da konfiantzazko giro batera itzultzea, normaltasuna ezartzea, itxuraz bada ere. Guztion intereserako da. Orokorrean ez dago gainditu ezin den oztoporik Errusia eta AEBen artean. Baina beharrezkoa da hegemonia ametsak alde batera uztea, onartezina baita egungo errealitate geopolitikoan».

Lavrovek ukatu du Moskuk Ukrainari eraso egiteko asmoa duela, eta nabarmendu herrialdean desegonkortasuna baldin badago «barne arazoen ondorio» dela. «Gaur ez dut entzun inolako argumenturik AEBek Errusia eta Ukraina arteko mugako auziaz duten jarrera argitzen duenik. Soilik kezkak eta kezkak. Baina gure kezka benetako egitateekin lotuta dago: Ukrainara bidalitako armak eta trebakuntzan adituak diren militarrak», adierazi du bilera eta gero. AEBak, baina, ez dira fidatzen haren esanez, eta frogak eskatu dizkiote, mugan dituen 100.000 soldaduak erretira ditzala eskatuz: «Badira gauza batzuk begi bistakoak direnak. Nazioarteak sinestea nahi badute, soldaduak mugatik kendu beharko lituzkete, eta bide diplomatikoetatik jo».

Bestalde, giroa are gehiago berotuko duen erabakia har dezake gaur Dumak, Errusiako behe ganberak. Alderdi Komunistak eskatuta, Donetsk eta Lugansken estatu izaera aitortzeari buruz eztabaidatuko dute diputatuek. Proposamenak beste bi alderdiren babesa izango luke, Errusia Justuarena eta eskuin muturreko Alderdi Liberal Demokratikoarena. Alde horretatik, Kievek salatu du Errusia mertzenarioak errekrutatzen ari dela eta haiei trebakuntza ematen, bi eskualde horietara bidaltzeko. Haren esanetan, dagoeneko bidaliak izango lituzke tankeak, artilleria eta erregaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.