Indarkeria

Artolazabalek «gogoeta» eskatu du Espainiako Segurtasun Indarrek pairatutako «bidegabekeria onartezinaz»

Txosten bat aurkeztu dute, ETAk Guardia Zibilaren eta Espainiako Polizia Nazionalaren kontra egindako atentatuak aztertzen dituena

Aurreko lerroan, Beatriz Artolazabal sailburua, txostenaren egileen artean. BERRIA
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 21a
12:18
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eskariz, txosten bat ondu du Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak: ETAren terrorismoaren ondorioz Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideek eta haien senideek jasandako injustiziari buruzko txostena (1960-2011). Horren aurkezpenean, Guardia Zibileko eta Espainiako Polizia Nazionaleko kideek eta haien senitartekoek pairatutako «bidegabekeria onartezinaz» gogoeta egiteko eskatu du Beatriz Artolazabal sailburuak: «Bidegabea izan zen, parekatzerik eta konpentsaziorik gabe».

Txostenean ageri denez, ETAk Espainiako Segurtasun Indarretako 357 kide hil ditu 1968an Jose Antonio Pardines guardia zibila eta Meliton Manzanas polizia hil zituenetik. Horietatik 207 guardia zibilak ziren, %58, eta 150 poliziak, %42. Haien familietako 17 pertsona ere hil zituen.

Datuak ez ezik, azterketa kualitatiboa ere egin dute ikerketan, eta horretarako, ETAren bortxa pairatutako hamalau pertsona elkarrizketatu dituzte, den-denak Espainiako Segurtasun Indarretako kideak edo senitartekoak. Haien bizipenak jaso dituzte txostenean: gehienek nabarmendu dute indarkeriak «istant batean bizitza hondatu» egin ziela, eta askotan bakardadea eta euskal gizartearen eta instituzioen aldetik babes falta sentitu zutela.

Arrupe institutuko Jose Ramon Intxaubek, Gorka Urrutiak eta Trinidad Vicentek egin dute ikerketa. Horretan oinarrituta, Intxaurbek zenbait aholku eman dizkie erakundeei: esan duenez, biktimen sufrimendua ezagutu eta aintzat hartu behar da, eta horretarako ezinbestekotzat jo du sufrimendu horren onarpen ofiziala. Espainiako Segurtasun Indarrek egindako lana «balioestea» gomendatu du Intxaurbek.

Artolazabalek iragarri du jarraituko dutela ETAk gizartearen zenbait esparrutan eragindako minari buruzko ikerketak egiten, eta hurrengoa izango dela espetxe funtzionarioek jasandakoari buruzkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.