Nafarroako larrialdietako langileek salatu dute «ahantzi» egin dituztela

Lehen mailako arretako «kolapsoaz» eta erietxeetako lan zamaz hitz egiten den era berean, izurriak beren lan arlora ekarri dituen arazoez ere hitz egin behar dela esan dute

arantxa iraola
2022ko urtarrilaren 21a
12:30
Entzun

Larrialdietako Medikuen Nafarroako Elkarteko presidente Iñaki Santiagok hartu du hitza. «Haserrea» azaldu du, beren lan zerbitzuari «tratu txarra» ematen ari zaizkiolako, eta, hala ere, inor ez delako akordatzen haien egoeraz: «ahaztu» egin dituztela esan du. Adierazi du lehen mailako osasun arretan eta erietxeetan izurriak arazoak eragin dituen era berean beren lanean ere zailtasun handiak ekarri dituela. «Lehen mailako osasun arretako kolapsoari buruzko albisteak entzuten ditugu. Egia da ezinean ari direla, oso egoera zailean. Erietxeetako tentsioari buruzko albisteak ere badira, ZIUetako eta gela arruntetako egoeraz, baina inor ez da akordatzen egoera horien guztien erdian dagoen talde honetaz», azaldu du.

Azaldu du larrialdi zerbitzuak osasun sisteman sartzeko «lehen atea» usu. «Erietxeetan sartu diren COVID paziente guztien artan parte hartu dugu, baina inork ere ez du hitz egiten guri buruz». Gogorarazi du izurria hasi zenetik zerbitzu ezinbestekoa izan direla, eta izurriak berak arazo handiak eragin dizkiela haiei ere: zerbitzuko medikuen %80 kutsatu egin dira birusarekin. Ordezkatzeak beren artean egin behar izana deitoratu du. «Jendea akituta dago, eta beldurra izaten du lanean ari denean». Birusarekin kutsatuta daudela ez dakiten paziente positiboak usu artatu behar izaten dituztela gogorarazi du, eta, horregatik, prebentzio neurriak ez dituztela beti bermatuta.

Larrialditako medikuen espezialitatea aintzat hartzeko ere eskatu du Santiagok. Egun arloan ari direnak trebakuntza «heterogeneoa» duten profesionalak direla esan du, eta beren kabuz trebatzen direla propio larrialdietako lanak dituen berezitasunetarako. Horiek horrela, gogorarazi du beharrezkoa dela lana espezializazio gisa onetsia izatea beharrezkoa. Azaldu du Espainiako Osasun Ministerioak egin beharko lukeela horretarako urratsa, baina uste du Nafarroako Gobernuak ere eragin behar lukeela Madrilen erabaki horren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.