Omikronaren aurka txertoek babes txikiagoa ematen dutela esan dute

Botikak Arautzeko Erakundeen Nazioarteko Koalizioan egindako bileran aztertu dute gaia, eta ondorioztatu dute «epe laburrean» txertoen dosi gehiago jartzen jarraitzea ez dela hautu ona

arantxa iraola
2022ko urtarrilaren 21a
12:59
Entzun

Sendagaien Europako Agentzia EMAk eman du Botikak Arautzeko Erakundeen Nazioarteko Koalizio ICMRAk egin duen bileraren berri; COVID-19aren aurka egun jartzen diren txertoek zer ondorio dituzten aztertu dute, eta eragina urritzen ari dela ikusi dute: «Omikronak izan duen eragina aztertu dutenean, ondorioztatu dute egungo txertoek babes urriagoa ematen dutela infekzioen eta eritasun arinen aurka». Datuei begira, alde horretatik, dudak gero eta urriagoak direla adierazi dute: «Gero eta argiago dago txertoen babesa zabaltzeko indartze dosi bat behar dela».

Nolanahi ere, esan dute «epe laburrean» txertoen dosiak jartzen jarraitzea ez dela hautu egokia. «Estrategia bat garatu behar da luzera begira, ikusteko zer txerto klase behar diren etorkizunean COVID-19arentzat». Eztabaida horretan aldagai asko kontuan hartu beharko direla onartu dute. «Zientzia, politika publikoak eta osasun publikoa», alor guztiak aintzat dituzten irizpideak aztertu beharko dira, eta koordinazioa beharko da guztien artean. Oroitarazi dute, gainera, eztabaida «global» bat dela.

Zientzialariei ere dei egin diete ICMRAko ordezkariek: txerto mota berriak ikertzen jarraitzea ezinbestekoa dela esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.