Zupiria: «Ezin dugu gure historia zuritu»

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Radio Euskadiko Boulevard saioan egon da, eta, adierazi duenez, azkenaldian pertsona batzuk «zuritzeko» zenbait ekintza egiten ari dira. Besteak beste, Mikel Antza, Rodolfo Martin Villa eta Txillardegi aipatu ditu.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko urtarrilaren 21a
13:01
Entzun

Mikel Antzari babesa adierazteko, Euskal Herriko 126 idazle eta editorek adierazpen bat plazaratu dute asteon. Besteak beste, gai horri buruz aritu da gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Radio Euskadiko Boulevard saioan. Zupiriaren ustez, azkenaldian pertsona batzuk «zuritzeko» zenbait ekintza egiten ari dira: «Aste honetan 3 izan dira niri arreta eman didatenak». Horrela, adierazi du ezin dela «gure historia zuritu», eta «une honetan» gizarteak «beste jarrera bat» izan beharko lukeela.

Bozeramailearen arabera, ekintza horietako batek Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohiarekin du zerikusia, bere «jarduna zuritzeko prest» agertu zelako. Izan ere, Martin Villak aitortu du Martxoaren 3ko hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela.

Horrez gain, EH Bildu Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi «zuritzen» saiatu dela adierazi du: «Uste dut EH Bilduk Gipuzkoako batzar nagusietan Txillardegiren figura nabarmentzeko ekimena ere zentzu horretan doala». Izan ere, koalizioak proposatu du Gipuzkoako Aldundiaren urrezko domina Txillardegiri ematea.

Azkenik, idazle eta editoreen adierazpenari egin dio erreferentzia. Adierazpenean, Mikel Antzak bere sorkuntza «libreki» eskaintzen jarraitzearen alde egiten dute, baita hura bigarrenez epaitzearen kontra ere. Izan ere, Frantziako Estatuan hogei urteko espetxe zigorra betea du, baina, orain, Espainiako Estatuan «berriro ere zigortu» nahi dute arrazoi «berdintsuengatik». Zupiriaren arabera, Antzak bere literatur lana garatzeko «behar duen sormen askatasuna» izan behar du, baina uste du Gregorio Ordoñezen familiak «eskubidea» duela jakiteko ea bere hilketan «esku hartu zuen» ala ez. «Nire ustez, Mikel Antzari sormen askatasuna eskatu dioten idazle batzuen aurrean, Gregorio Ordoñezen alargunaren eta semearen eskubidea dago jakiteko ea haren hilketa zergatik eta nola gertatu zen, eta nork agindu zuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.