Albistea entzun

Garraioa

Auto-partekatu kooperatiba sortuko dute Ipar Euskal Herrian

Nork bere autoa utzi kooperatibako autoak partekatzeko egitasmoa bidean jarri dute lau lapurtarrek. Elkartea udaberrian sortu eta lehen autoak 2023ko martxan nahi dituzte.

Citiz auto-partekatu kooeratiben sareko auto batzuk.
Citiz auto-partekatu kooeratiben sareko auto batzuk. Citiz Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza -

2022ko urtarrilak 22

Urtean autoarekin 10.000 kilometro baino gutiago egiten duenarentzat gomendatua den ibilmoldea da auto-partekatzea. Auto-partekatze kooperatibek diote halako erabiltzaileak hobe lukeela autoa saltzea edo ematea, eta kooperatibak zerbitzuan eman auto-partekatu baten alokatzea. Frantziako Estatuan hogei bat auto-partekatze kooperatiba garatu dira hogei urtez, Citiz izeneko sarea osatuz. Ipar Euskal Herrian halako kooperatiba baten sortzeko xedea bidean da. Udaberriko nahi lukete sortu lau lapurtarrek, 2023tik goiti lehenbiziko beribilak proposatzeko.

Helburua da bideetan dabiltzan autoen kopurua ttipitzea. Bereziki, hiriguneetan bizi diren jende frankok beren autoa uste baino gutiago behar dute urtean zehar. Maiz beste gisan mugitzeko ohitura dutelako, eta autoa aldian aldika baizik ez baitute hartzen. “Lagunarteko solasetarik jin da, batzuek baikenion: ‘Ene autoaren beharra ote dut zinez?'”, esplikatu du Ipar Euskal Herriko auto-partekatze kooperatibaren egitasmoa eramaten duen Marion Picheryk (Vannes, Bretainia, 1988).

Auto-partekatu kooperatiben berri ukanik, pentsaketetan hasi zen Pichery bide lagun dituen batzuekin: I-Ener eta Enargia kooperatiben sortzaileetan diren Patxi Bergara eta Iban Lizarralde, baita Arnaud Boudou ere, gisa bereko egitasmo bat sortu zuena Aveyron (Okzitania) aldean duela zenbait urte.

15-20 auto zerbitzuan ezarriz abiatzekoak dira. Sobera zorretan sartu gabe, lehenbiziko autoen proposatzeko herritarrei eta kooperatibari ikusgarritasun bat emateko —kooperatibako auto guziek izen bera baitakarte idatzirik gainean—. Urteekin oreka ekonomikora heltzea da helburua, Picheryren arabera: “Mugikortasun zerbitzu guzietan bezala, ez da errentagarritasun handikoa auto-partekatuena. Oro har, Citiz sareko kooperatibak orekara heltzen dira 50-100 auto artera heltzen direlarik”. Zenbait urte barne heltzeko esperantza dute egitasmoaren eramaileek.

BABen lehenik

Emeki-emeki abiatuko dira, lehen autoak Baiona-Angelu-Biarritz eremuan proposatuz. Herriko etxeekin adostu behar dituzte autoen aparkatzeko guneak. “Gehien martxan diren guneak, biztanle anitzeko hiriguneak dira. Zerbitzuak badu arrakasta, beste garraio publikoekin edota bizikleta bezalako ibilgailuekin osagarri bada”. Ipar Euskal Herri barnealdean ez da berehalako, hots; garraio publiko sare eraginkorra plantan eman artean, ezinbestez, jendeak bere autoa baliatuko baitu.

Haatik, sare guziak ongi hornituak eta lotuak direlarik, auto-partekatzeak badu kanore, Picheryk erran duenez: “Inkestek erakusten dute, jendeak bere autoa kendua duelarik auto-partekatzea egiteko, %30az apaltzen dutela autoaren erabilpena eta autobusarekin, bizikletarekin edota oinez ibiltzearekin ordezkatzen duela”. Hiri handienetan da gehien lortu formula. Horietan, kooperatibak ohartu dira lau familietarik hiruk auto bat segurik kendu dutela auto-partekatuak baliatzen dituztenetik. “Auto-partekatu batek bospasei auto partikular ordezkatzen ditu luzerat”, dio Picheryk.

Ipar Euskal Herriko kooperatiba gisa autonomia osoz ibili nahi dute egitasmoaren eramaileek. Bizkitartean, Citiz sareak garatu tresnak baliatzea deliberatu dute. “Helburua da teknologia partekatzea: Internet plataforma, auto barneko ordenagailua eta beste. Abilago zaigu, hutsetik abiatzeko partez, hogei urte hauetan garatu diren teknika horien erabiltzea”. Horretarako, bilkurak izan dituzte Citiz taldearekin eta bermeak ukan sareko kooperatiba bakoitzaren autonomiari buruz. Bakoitzak bere kooperatiba du. “Horri esker du kausitu Citizek, ez baita batere zentralizatua, tokiko herritar dinamika batek eramana delako, tokiko erakundeek lagundurik”.

Interes Kolektiboko kooperatiba denez juridikoki, tokiko erakunde publikoak sar daitezke kapitalean. Horregatik, duela aste bat, Pichery Euskal Elkargoko Mugikortasunen Sindikatuarekin bildu zen egitasmoa aurkezteko. Auto-parekatuak loturik egon daitezke elkargoaren Txik-txak garraio sareari, erabiltzaileei harpidedun karta beraz gozatzeko parada emanez. Halaber, Citiz autoak dituzten Frantziako Estatuko hirietara trenez joanez geroz, hango auto-partekatuen baliatzeko ahala luke erabiltzaileak.

Araberako prezioak

Auto-partekatze kooperatibek tarifikazio bat proposatzen dute erabili autoaren izaria, oren andana eta egin kilometro aldiaren arabera. Horri esker badakite urtean 10.000 kilometroz petik dabiltzanek hobe dutela auto-partekatuen erabiltzea. “Pertsonaka, auto batek, urtean, 4.500 euroko kostua du, bana beste”, dio Picheryk, eta auto-partekatzearekin aise gutiago gastatzen dela. “Beste abantaila, aparkalekuarena da. Adibidez, Baionara joatean badakizu ukanen duzula zuretako aparkatzeko leku bat”. Bestalde, kooperatibak bermatuko lituzke autoen garbitzea eta mantenimendua.

Ipar Euskal Herriko kooperatibaren sortzaileek ez dakite oraino zer izen emanen dioten. Citiz sarearekin loturik izanen denez Euskal Herria-Citiz izan daiteke, baina ez dute oraindik erabaki. Inkesta bat hasi zuten abenduan; laster bururatuko dute, jakiteko zenbat herritar baden interesaturik. Orain arte, kooperatiban parteak hartzeko prest agertu direnekin, 50.000 eurora helduko lirateke. Inkestan parte har daiteke lotura honen medioz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat bitcoin-ak diru gisa onartzen dituen okindegi batean, Santa Tecla hirian (El Salvador).. ©Rodrigo Sura / Efe

Kriptodiruak: birtualak ez diren galerak

Iker Aranburu

Bitcoinen eta beste diru digitalen balioa amildu egin da, eta 'luna' izenekoa, berriz, desagertu. Inbertitzaileak arrisku handiko aktiboetatik alde egiten ari dira. El Salvador arriskuan jarri du erorialdiak, bitcoinen aldeko apustua egin baitu

Metalgintzako sindikatuek atzo eginiko elkarretaratzea, LHK-k Bilbon duen egoitzaren aurrean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bizkaiko metalgintzak grebara joko du itunaren negoziazioa luzatzen bada

Imanol Magro Ezimendi

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk bat eginda negoziatuko dute. Alde handia dago sindikatuen eskaeren eta patronalaren eskaintzen artean

Irizar E-mobilityko langileek 22 egunez itxi dituzte lantegiko sarrerak ©Jon Urbe (Foku)

Irizar E-mobilityko greba bertan behera utzi dute, ituna adostu ondoren

Jokin Sagarzazu

Langile batzordeak egindako bost eskaerak sartuko dituzte hitzarmenean, eta soldata igoera izango dute. 22 egun egin dituzte greban.

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek LHKren aurrean deituriko mobilizazioa. ©Marisol Ramirez / FOKU

Lehen greba hotsak iritsi dira Bizkaiko metalgintzara

Imanol Magro Eizmendi

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk plataforma bateratu bat osatu dute lan hitzarmena negoziatzeko, eta patronalari jakinarazi diote ez dutela nahi negoziazioak gehiegi luza daitezen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...