Adinekoak

Bakardadea uxatzeko bultzada

Nahi gabeko bakardadean dauden adinekoei bideratutako programa bat jarri dute martxan Hernanin. Herrian zer aukera dauden azalduko diete, eta parte hartzeko laguntza ere emango zaie.

Miren Garate.
2022ko urtarrilaren 21a
14:02
Entzun

Norberak aukeratu gabeko bakardade egoeran bizi diren adinekoei begirako programa bat jarri dute martxan Hernanin: Auzozaintza sare publiko-komunitarioa izena jarri diote. Pertsona horiek herrian edo auzoan duten parte hartzea sustatzea da helburua, beren bizi kalitatea hobetu ahal izateko. Hernani burujabe egitasmoaren barruan sartuta dago programa, eta elkarlanean ariko dira udala batetik eta Zabalduz eta Maitelan kooperatibak bestetik. Hemendik hilabete batzuetara herri osora zabaltzeko asmoa duten arren, herriko hiru auzotan hasiko dira: Zikuñagan, Etxeberrin eta Portu-Elizatxon.

“Bakardadea zaurgarritasunera iristeko bide bat izan daiteke; horregatik, prebentzioaren arloan kokatzen da programa hau”, esan du Jon Amallobieta Zabalduz kooperatibako zuzendariak. 65 urte baino gehiago dituzten eta mendekotasunik ez duten pertsonei zuzenduta dago. “Desiratu gabeko bakardade egoeran dauden pertsona horiek berriz herriko edo auzoko sareetara konektatzea nahi dugu; akonpainamendua egingo zaie, ez lehendik zituzten harremanak ordezkatzeko, baizik eta berreskuratzeko edo berriak egiteko”.

Lehenik eta behin, udaleko gizarte zerbitzuek bakardade egoera hauskorrean dauden adinekoak identifikatuko dituzte, geolokalizazio bidez. Hainbat adierazle gurutzatuko dituzte sistema teknologiko batekin: igogailurik duten, udal zerbitzuak eskura dituzten, mendekotasunik duten… Ateratako zerrenda hori izango dute ardatz programa koordinatuko duten Zabalduz kooperatibako Alazne Corral eta Idoia Mariñelarena hezitzaileek. “Adineko horiek bakardade egoeran dauden baloratuko dugu, eta programan parte har dezaten proposatuko diegu”, esan du Corralek. Non izan daitezkeen boluntario, zer parke dauden herrian, oinez ibiltzera ateratzeko Ttapa-ttapa egitasmoa zer den eta halakoak azalduko dizkiete.

Norberari egokituta

Programaren bereizgarrietako bat da norbere beharretara egokitzen dela; hau da, pertsona bakoitzaren motibazioak eta interesak hartzen dira kontuan, eta horien arabera diseinatzen da jarraitu beharreko bide orria. “Akonpainamendua egingo zaie hasieran, baina denbora batera haiek beren kabuz automiaz jarraitzeko helburuarekin”.

Maitelan kooperatibako lau langile arduratuko dira programan parte hartzea erabakitzen duten adinekoei laguntzeaz. Bidelagunak izango dira. “Gu egongo gara zuzenean harremanetan adinekoekin, eta saiatuko gara haiei bakardade egoera gainditzen laguntzen”, dio Onix Cerda Maitelan kooperatibako kideak. Zaintza arloan aritzen den kooperatiba bat da Maitelan, emakume migratzaile batzuek sortua. “Zaintzan ari garen gehienok migratzaileak gara. Programa honek ikusgaitasuna ematen dio gure lanari, eta eskertuta gaude udalak Maitelan aukeratu izanaz”.

Udalaren esanetan, zaintzan aritzen direnen lan baldintzak ere hobetu nahi dituzte programaren bidez. Maitelaneko langileen lanaldiaren %15 prestakuntzara bideratuko dute. Euskara ikasteko konpromisoa hartu dute, eta bestelako prestakuntza ere jasoko dute. “Gizarte integrazioko prestakuntza jasotzen ari gara orain”, azaldu du Cerdak.

Boluntarioek ere rol garrantzitsua izango dute programan. Maitelanekoek beteko duten bidelagun figuraz gain, auzozain figura ere sortu dute. Corralen esanetan, gaur egun ere auzoetan badago zaintza informal bat: bizilaguna bakarrik bizi dela jakinez gero, edo zerbitzuren batean lan eginez gero, jende askok dauka begirada sentibera; gehienak kezkatzen dira adinekoez: “Auzozain figuraren bidez, hori formalizatu egin nahi dugu pixka bat, eta tresnak emango dizkiegu zaurgarritasun egoerak identifikatzen dituzten herritarrei”.

Izan ere, une batetik bestera alda daiteke pertsona baten egoera; esaterako, eroriko bat aski izan daiteke adineko bat eguneroko martxatik atera eta bakardade egoerara bultzatzeko. Bidelagunek eta auzozainek lagunduko diote udalari halakoak hautematen. “Kontura gaitezke pertsona batek astebete daramala ogia erostera joan gabe, baina ez dugu jakiten nori abisatu. Auzozaintza sare publiko-komunitarioan, zaintza lanean sostengua emango dion sare batean egongo da auzozaina“.

Saretutako herria

Esku hartzeekin hasi aurretik, azterketa bat ere egin dute Zabalduz kooperatibakoek, jakiteko adinekoen bakardadearen inguruko zer pertzepzio dagoen Hernanin eta ikusteko zein izan daitezkeen adinekoentzat interesgarriak izan daitezkeen gune, eragile, zerbitzu eta abarrak. “Bi ondorio nagusi atera genituen: alde batetik, bakardadearen inguruan ez dagoela diskurtso bateratu bat eta oraindik isilpean eramaten den gai bat dela; bestetik, ikusi dugu oso saretuta dagoen komunitatea dela Hernani, eta sare horrek badaukala gaitasuna adinekoei harrera egiteko eta haien parte hartzea sustatzeko”, dio Corralek.

Eustaten datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 262.000 lagun bakarrik bizi dira, eta horietatik %42, 110.000, 64 urtetik gorakoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.