Zupiria: «Bikoiztu egin da ZIUetan dauden gaixoen kopurua»

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Radio Euskadin egon da, eta, adierazi duenez, osasun larrialdiari «berriro ekitea» erabaki zenean, zainketa intentsiboetako unitateetan gaur egun dauden pertsonen erdiak zeuden ospitaleratuta. Jakinarazi du «oraingoz» ez dutela deitu Labiren aholku batzordera.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko urtarrilaren 21a
15:47
Entzun

«Azken neurriak ezarri zirenean ZIUetan zegoen egoera nabarmen okertu da. Bikoiztu egin da bertan dauden gaixoen kopurua», adierazi du gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Izan ere, osasun larrialdiari «berriro ekitea» erabaki zenean, zainketa intentsiboetako unitateetan 50 pertsona zeuden ospitaleratuta; orain, ordea, ehun baino gehiago daude.

Zupiriak adierazi duenez, egungo murrizketekin jarraitzea edo ez «osasun arloko arduradunek eta aholkuak ematen dizkieten zientzialari eta teknikariek» ematen dituzten proposamenen araberakoa izango da. Horrekin batera, azaldu du «oraingoz» ez dutela deitu Labiren aholku batzordera.

«Ez dugu ahaztu behar zer testuingurutan gauden», adierazi du bozeramaileak, eta gaineratu du egungo pandemia egoera «oraindik luzatu» egingo dela: «Ziurrenik, beste ezustekoren bat emango digu». Zupiriak nabarmendu du txertatutako pertsona kopuruak gora egin duela COVID ziurtagiriaren erabilera ezarri zenetik, eta oraindik ere «hazten» jarraitzen duela. Osasun langileei dagokienez, berriz, azken hilabeteotan kaleratu diren langile gehienak lanean ari direla adierazi du: «Inoiz ez da hainbeste pertsona egon Osakidetzan lanean».

Ikastetxeetako egoerari dagokionez, ordea, azaldu du ikasgela «gehienak» irekita daudela: «Gure helburua hezkuntza presentziala bultzatzea izan da, eta hartu diren neurri guztiak horretarako izan dira». Horrez gain, eskola kiroleko lehiaketak bertan behera uztearen alde egin du Zupiriak. Horietara itzultzea, gainera, «osasun teknikariek planteatzen dutenaren araberakoa» izango dela azaldu du, eta nabarmendu «azken hitza aldundiek» dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.