Txertatze ziurtagiriaren erabilera onetsi du Frantziako Konstituzio Kontseiluak

Astelehenetik goiti indarrean izanen da neurria Iparraldean. Konstituzio Kontseiluak ez du onartu ekitaldi politikoetara sartzeko txertatze ziurtagiria eskatzea.

Frantziako Polizia osasun ziurtagiria eskatzen Miarritzeko tabernetan. GUILLUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 21a
15:59
Entzun

Frantziako Jean Castex lehen ministroak atzo erran zuen astelehenetik goiti indarrean izanen zela txertatze ziurtagiria. Alta, Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren zain egon behar zuen legea aplikatzen hasteko. Bada, txertatze ziurtagiriaren legea kasik osorik onetsi du Konstituzio Kontseiluak: 16 urtetik gorakoek txertatze ziurtagiria erakutsi beharko dute hainbat leku publikotara sartzeko. Haatik, ekitaldi politikoetan txertatze agiria eskatzea Frantziako konstituzioaren kontrakotzat jo dute, «adierazpen askatasunaren» kontrakoa delakoan.

Iparraldean, beraz, astelehenetik aitzina beharrezkoa izanen da txertatze ziurtagiria aurkeztea ostatuetara, kultur guneetara, kirol egituretara eta distantzia luzeko garraio publikoetara sartzeko. Gainera, leku horietako langileek eskubidea izango dute —«dudak» baldin badituzte— bezeroen nortasun agiria ere kontrolatzeko, ziurtagiriarekin batera. Ospitaleetara eta zahar etxeetara sartzeko osasun ziurtagiria beharko da, orain arte bezala.

Txertatze ziurtagiriak, oraingoz, ez du osasun ziurtagiria ordezkatuko osoki. Batetik, 12 eta 15 urte bitartekoek osasun ziurtagiria erakutsi beharko dute oraindik ere, orain arte bezala —proba negatibo batek balioko die, alegia—. Txertaketa pauta osoa jarri ez dutenek ere osasun ziurtagiria baliatzen jarraitu beharko dute pauta osoa jarri arte; beraz, txertatze ziurtagiria beharrezkoa den lekuetara sartzen ahalko dira txertatze pauta hasia dutela erakusten duen agiriarekin eta PCR edo antigeno proba negatibo batekin.

Gainera, legean zehaztu dutenez, txertorik jarri ez duten herritarrek distantzia luzeko garraio publikoak hartzen ahalko dituzte «familia edo osasun larrialdi» bat justifikatuz gero. PCR edo antigeno proba bat beharko dute, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.