Osasun ziurtagiriaren aurkako protesta egin dute Bilbon

Bizitza plataformak antolatu du; «diktadurarako pasaportea» deritzote eta, «askatasunaren» izenean, gaitzetsi egin dute erabilera

arantxa iraola
2022ko urtarrilaren 22a
19:13
Entzun

Manifestazio jendetsua egin dute gaur arratsaldean Bilbon, Bizitza plataformak deituta, osasun ziurtagiriaren aurka. «Diktadurarako pasaportea» deritzote. «Askatasunaren» izenean, ziurtagiria eskatzeko indarrean dauden neurriak bertan behera uztea nahi dute. Bizitza plataformaren arabera, «inoiz ezagutu gabeko totalitarismoari» atea ireki dio osasun ziurtagiri horrek: «Itzulerarik gabeko atea». Manifestazioan txertoaren eraginkortasuna auzitan jartzen duten pankartak erakutsi dituzte, eta «askatasunaren» aldeko mezuak ugariak izan dira.

Orri bat banatu du Bizitzak manifestazioan parte hartu dutenen artean. Bertan ziurtagiriaren erabilera «apartheidarekin» parekatu dute. Adierazi dute, gainera, populazioa txertatu ahala, COVID-19arekin kutsatutakoen kasuak eta gaitzak eragindako hildakoak ugaritu egin direla. Txertoak «esperimentu geniko bat» direla argudiatu dute eta xede bakar bat dutela: «Kontrola». Erakutsi dituzten mezu hainbatetan, umeen txertaketaren kontrako aldarriak zabaldu dituzte, umeekin «esperimenturik» ezin dela egin esanez.

Euskal Herri osoan da egun beharrezkoa ziurtagiria toki publiko askotan aurkeztea. Frantziako Konstituzio Kontseiluak txertatze ziurtagiriari onespena eman dio aste honetan, eta astelehenetik txertatuta egotea ezinbestekoa izango da toki ugaritara sartzeko. Baionan ere egin dute gaur protesta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.