Erresuma Batua

Estradizioaren aurka helegitea jartzeko aukera izango du Assangek

Auzitegi Gorenaren esku egongo da helegitea aintzat hartu edo ez erabakitzea. Abenduan Londresko auzitegi batek ontzat eman zuen kazetaria AEBetara estraditatzeko eskaera.

Wikileaksen sortzaile Julian Assange AEBetara estraditatzearen aurkako protesta bat, gaur, Londresen. ANDY RAIN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 24a
13:34
Entzun

Luze joko du oraindik Julian Assange kazetari eta ekintzailearen aurkako estradizio prozesuak. Ingalaterrako Auzitegi Nagusia ebatzi du gaur Wikileaksen sortzaileak helegitea jarri ahalko duela estradizio aginduaren aurka. Orain kazetariaren abokatuek hamabost eguneko epea dute Gorenean helegitea aurkezteko, jarraian auzitegiak erabaki beharko du hura onartzen duen edo ez, eta, onartuz gero, aurkeztutako arrazoiak aztertzeari ekingo dio. Bien bitartean, kazetariak preso jarraituko du.

Wikileaksen sortzailea 2019ko apirilaren 11n atxilotu zuten, Londresen, Ekuadorren Enbaxadan. Han zegoen babestua 2012tik, baina, Ekuadorko Gobernu aldaketarekin, konfiantza hautsiz joan da; eta, azkenean, baldintzapeko neurriak urratzea egotzita, asilo politikoa ukatu zioten. Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak muga gorri bat igarotzea egotzi zion, besteak beste nazioarteko politikaz aritzeagatik. Espioitza egozten diote kazetariari AEBetan, eta 127 urteko kartzela zigorra jar diezaiokete han erruduntzat joz gero.

Assangeren bikotekide Stella Morisek garaipentzat jo du auzitegi nagusiaren ebazpena, baina ohartarazi du ez dutela inondik ere «justizia lortu» oraindik. «Ia hiru urte daramatza Belmarsheko kartzelan, eta tarte horretan guztian sufritzen egon da. Kasua artxibatzen ez duten bitartean, sufritzen jarraituko du. Horregatik borrokan jarraituko dugu».

Iazko abenduan Wikileaksen sortzailea AEBetara estraditatzeko eskariari onespena eman zion Londresko auzitegi batek. Londresko Helegite Auzitegiko epaile Timothy Holroyderen arabera, AEBetako Gobernuak «nahikoa berme» eman zituen ondorioztatzeko Assangek «tratu egokia» jasoko duela, eta, beraz, onespena eman zion hura estraditatzeari. Aurrez, urtarrilean, Londresko beste auzitegi batek atzera bota zuen Assange AEBetara estraditatzeko Washingtonen eskaria, iritzita horrek larriagotu egin zitzakeela kazetariaren buru-osasun arazoak. «Assange ikusita izan dudan inpresioa da depresioak jota eta etsita dagoen gizon baten aurrean nagoela, eta etorkizunak zer ekarriko dion beldur dela», adierazi zuen orduan epaileak.

Akusazioaren arabera, Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen kazetariak hark AEBetako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan ondoren bere atarian argitaratzeko. Defentsak ukatu egin du halakorik, eta dio Assangek eta haren taldeak zabaldutako informazioak ez zuela inor arriskuan jarri. Aldiz, Washingtoni leporatzen diote auzi politiko bat abian jarri izana, Wikileaksek militar estatubatuarrek egindako gerra krimenak argitara atera zituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.