Literatura

'Kronikak', Txillardegiren lekuko begiak

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-k 1968 eta 1986 bitartean hainbat agerkaritan emandako kronikak argitaratu ditu Susak. Koldo Izagirrek eta Juan Luis Zabalak apailatu dute bilduma.

Juan Luis Zabala eta Koldo Izagirre idazleak, gaur goizean, Donostiako Udal Liburutegiaren atarian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2022ko urtarrilaren 24a
17:17
Entzun

1973a da. Parisen dabil Txillardegi. Ezagutzen ez duen hizkuntza batean entzun ditu bi lagun ondoko mahaian, eta hurbildu da haiengana, galdegin die zein den mintzo diren hizkuntza, ez duela arrastorik ulertzen. Eta idatzi du: «Irribarre egin dute biek. Eta europar janzkerarenak, oso frantses egokian, honela erantzun: ‘Sarakolez ari gaituzu’». Segitu dute eleka, Europa zaharraz, kolonialismoaz, Albert Memmiz... Eta aitorpenaz itxi du testua Txillardegik: «Nola ukatuko afalondo horretan sarakole ustekabeko lagun horiek asko eta asko irakatsi zidatenik?».

Jakin-mina, apaltasuna eta irakurlea berak ikusitakoen lekuko egiteko dohaina. Horixe Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k hara-honako idatzi zituen kronikei dariena, Koldo Izagirre eta Juan Luis Zabala idazleen ustez. Urtea eman dute gutxi-asko testu horiek aztertzen, lehenengo Txillardegi Liburutegia Kultur Ekimenak Izagirreri eta hark gero Zabalari jarritako amuari tiraka, eta Kronikak liburuan eman dute apailatze lanaren emaitza, Susa argitaletxearen eskutik. Hura hil zela hamar urte bete berri diren honetan, argitalpena "omenaldiaren barruko zorioneko istripua" izan dela ospatu dute.

Zehazki, Txillardegik 1968 eta 1986 bitartean Anaitasuna, Egin, Punto y Hora de Euskal Herria, Plazara, Argia eta, batez ere, Zeruko Argia-n publikatu zituen kronikekin osatu dute bilduma. Eta addenda gisa, Zabalak 2006ko urrian BERRIAn publikatutako erreportaje sorta bat ere erantsi dute, zeinetan kazetariak hiru eguneko bidaia egin zuen idazlearekin, Ferrolera (Galiziara), Leturiaren egunkari ezkutua nobela (1957) idatzi zuen tokira itzuliz.

«Txillardegi militantea izan zen, militante erradikala, euskararen eta abertzaletasunaren aldeko bere ideietan konbentzitua. Idatzi zituen kroniketan, baina, beste alderdi bat ikusten da: alderdi humanoago bat, jakin-min ikaragarria zuen norbaitena, erabat irekia eta aurreiritzirik gabekoa», kokatu du lana Zabalak. Txillardegik hainbat interesgune izan bazituen ere —musika, animaliak, zientziak...—, idatzi horietan batik bat gizakiarengan eta hari lotutako auzietan jarri zuen arreta, haren esanetan, eta askotarikoak dira, beraz, kroniketan agertzen diren gaiak. Bada gailentzen denik, hala ere; hizkuntzarena, nabarmenenen artean. «Bere pentsamenduaren ardatz nagusietako bat izan baitzen beti».

Jaso zuenarekin batera, jasotzeko modua nabarmendu du Zabalak. Garai hartako eta lekuan lekuko giroetara zein gertakarietara «zintzotasunez» hurbildu ohi zela defendatu du, «biluztasun ideologikoz» eta «aldez aurretik ezer erakutsi nahi izan gabe». Horren erakusgarritzat jo du, esaterako, zalantzei ere leku egin izana kroniketan. Esaterako, 1968ko maiatzaren ondotik, antolatu nahian ari ziren Bruselako ikasle iraultzaileen inguruan hala idatzi zuenean: «ULBan, eta bestetan, utopia eta eginkizuna, ameskeriak eta sozialismoa, nahasirik agertu dira; eta honek barregarri utzi du mugimendua eskuindarren artean».

Belgika, Norvegia, Ameriketako Estatu Batuak, Gales, Galizia, Andorra, baina baita Zuberoako Barkoxe, Altzürüku eta beste ere. Bidaian zein erbestean zela idatzi zituen liburuan bildutako kronikak Txillardegik, eta inongo enkarguri erantzunez ez, baizik bere bulkadaz idatzitakoak izateak ezaugarritzen dituela azpimarratu du Zabalak. «Ez dago erredakziotik onartuko dioten edo ez dioten gaineko kezkarik; askatasun osoz idatzi zuen, eta hor ateratzen da idazlearen sormena. Horrek ematen die literaturtasun handia testuei».

Generoaren aldarria

Susaren narratiba sailean argitaratu dute Kronikak, eta Josu Landa argitaletxeko kideak azaldu du kronika genero literariotzat ulertzen duten erakusle dela hori. Aipatu ditu argitaletxearen bilduman ugari direla ulerkera horretatik emandako liburuak, eta Juan Bautista Bilbao Batxi-ren Hau mundu arrano hau (1997) ekarri du gogora, besteak beste.

Kronikaren aldarria egin du Izagirrek ere, literatur generoen artean maiz alboratua izan dela gogorarazi, eta haren alde eginez. «Kazetaritzaren eta literaturaren zubi horretan dago kronika. Ez da erreportaje bat, idazlea ere inplikatzea eskatzen du, eta hor agertzen du bere nitasuna. Genero oso interesantea da, oso irekia delako». Haren ustetan, akademiaren literatur ikuspegia izan da egile baten obraren barruan kronika beste genero batzuk bezala ez kontsideratzea eragin duena: «Akademiak dena behar du fitxagarri, eta hau oso genero hibridoa da».

Abagunea baliatu du Izagirrek, gainera, euskal literaturaren parte diren hainbat lanek oro har irakurle oso gutxi izan dituztela ohartarazteko. «Euskal literaturari buruz esan izan da urria dela, ez dela asko idatzi, eta nik ez dakit hala den. Dakidana da idatzi dena oso gutxi irakurri dela». Tartean, kronikekiko «ahaztura kriminala» jazo dela aipatu du: «Generoa gurean XIX. mendean hasi zen, Eskualduna aldizkarian, eta sekulako kronikak idatzi dira».

Idahoko euskaldunez, Benvinguts a Andorra, Siux herriko buruzagiarekin mintzo, Hollywooden barrena... Txillardegiren aleen artetik, hainbat pasarte ere ekarri ditu aurkezpenera Izagirrek. 1973an erbestetik idatzitako Antigua amets-etik irakurri du hala: "Ezen Antiguan ezagutu baitut nik udaberria, kiratsez eta kresalez batera osatua, langile-soineko urdinez eta baserri-kutsuz ere mamitua; eta geroztik udaberririk ezagutu ez dudala iruditzen baitzait".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.