Immatrikulazioak

Eliza katolikoa prest azaldu da ondasun batzuk itzultzeko

Azken urteetan Elizak bereganatutako ondasunen zati txiki bat baino ez litzateke izango

Iruñean egindako mobilizazioa, immatrikulazioen auzia salatzeko. IñIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 24a
18:06
Entzun

Eliza katolikoak eta Espainiako Gobernuak akordio bat egin dute azken hamarkadetan Elizak immatrikulatu dituen ondasunen inguruan. Akordio horren ondorioz, Elizak onartu du badaudela zenbait ondasun «beste norbaitenak» direnak edo «zalantzazko jabetza» dutenak, eta prest azaldu da horiek erregularizatzeko. Apezpiku Batzarraren iritziz, ez litzateke zuzena esatea ondasun horiek «itzuli» egingo dituztela, «Elizak ez baititu inoiz bereganatu».

Hala ere, ez du ematen akordio honek Elizak immatrikulatutako ondasunen auzia behin betiko konponduko duenik. 1998tik aurrera, Eliza katolikoak ekin zion herrietako tenpluak, soroak, etxebizitzak eta bestelako ondasunak bere izenean jartzeari. Albiste agentzien arabera, orain Apezpiku Batzarra prest azaldu da ondasun horietatik mila inguru «erregularizatzeko». Zerrenda ez dute argitaratu, eta, oraingoz, ezin da jakin horietatik zenbat diren Euskal Herrikoak, baina argi dago ezbaian dauden ondasunak askoz gehiago direla.

Espainiako Gobernuak iazko otsailean kaleratutako txosten baten arabera, Elizak 1.122 immatrikulazio egin zuen Hego Euskal Herrian 1998tik 2015era. Handik hilabete batzuetara, Nafarroako Gobernuak ere bere ikerketa ezagutarazi zuen: horren arabera, Nafarroan Elizak bereganatutako ondasunak 2.952 ziren, Espainiako Gobernuak bere zerrendan zenbatu zituenak baino 1.918 gehiago. Datu horren argitara, Hego Euskal Herrian Elizak immatrikulatutako ondasunak 3.000 baino gehiago izan daitezke.

Aldebiko bilera

Espainiako Gobernuko buru Pedro Sanchezek eta Apezpiku Batzarreko presidente Juan Jose Omellak bilera egin dute akordioaren xehetasunak hitzartzeko. Elizak mila bat ondasun horien zerrenda argitara emango du, eta Espainiako Gobernuak horren berri emango die tokian tokiko erakundeei, hala badagokio, ondasun horiek erregularizatzeari ekin diezaioten. Prozesu hori errazteko konpromisoa hartu du Elizak.

EH Bilduk akordioa kritikatu du, eta Espainiako Kongresuko diputatu Bel Pozuetak ondasun guztien zerrenda argitaratzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez. «Legez kanpoko erregistroak» baliogabetu eta ondasunak «benetako jabeei itzultzeko» ere eskatu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.