Kamerun
Gutxienez zortzi lagun hil dira Afrikako Kopako neurketa batera sartu nahian zebiltzala
Beste 38 lagun inguru zaurituta daude. Jaunden gertatu da ezbeharra, Kamerungo selekzioaren partida baten aurretik. Norgehiagoka ezer gertatu ez balitz bezala jokatu da.
Afrikako Kopan gutxienez zortzi zale hil eta beste 38 inguru zauritu dira bart Jaunden, Kamerungo hiriburuan. Han ari dira jokatzen Afrikako futbol txapelketarik garrantzitsuena. Paul Biya estadioaren kanpoaldean gertatu da ezbeharra, milaka zale estadiora sartu nahian baitzebiltzan: bideoetan ikusten denez, jendetza pilatu da, eta zapalduta amaitu dute askok.
La bousculade a l'entrée du Stade Olembé, #Yaoundé, pour le match #Cameroun Vs #Comores, comptant pour la 8e de finales de la #CAN2021 pic.twitter.com/bViz15BpxF
— Humanitarian Purpose (HP-BLEC) (@HumPurse) January 24, 2022
AFP berri agentziaren arabera, zauritutako 38 lagunetik zazpi, gutxienez, larri daude, eta ume bat ere hil da. Estadioak 60.000 lagun biltzeko gaitasuna du, baina COVID-19a dela-eta ezarritako neurriak direla medio, edukieraren %80 bete zezaketen atzo. 50.000 lagun inguru zebiltzan estadiora sartu nahian.
Buster Emil Kirchner kazetari danimarkarrak BBCri azaldu dionez, kaosa erabatekoa zen estadioaren kanpoaldean: «Jendea korrika zebilen, hesien gainetik salto egiten, barrikadak suntsitzen... haietako asko sarrerarik izan gabe estadiora sartu nahian zebiltzan», gehitu du.
Kamerungo eta Komoreetako selekzioen arteko neurketa, ordea, ezer gertatu ez balitz bezala jokatu zen, eta etxekoek irabazi zuten, 2 eta 1. Afrikako Futbol Federazioak ohar bidez esan duenez, oraindik ikertzen ari dira zer gertatu zen.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.