EUSKAL PRESOAK

Espetxe zaintzako eskumena Euskal Herriratzeko eskatu du Sarek

Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren jarrera salatu du euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak, hausnarketa txosten batean. 2003az geroztik dago Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku.

Joseba Azkarraga, Bego Atxa, Ramon Zallo eta Iñaki Lasagabaster, gaur goizean, Donostian, hausnarketa dokumentua aurkezten. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 25a
11:16
Entzun

Euskal presoek askotariko oztopoak dituzte gaur egun Espainiako Estatuan, baina bada bat Sare euskal presoen eskubideen aldeko mugimendua bereziki kezkatzen duena: gradu progresioak eman ezina. Izan ere, plataformak behin baino gehiagotan salatu duenez, preso anitzek kalean edo bederen baimenpean beharko lukete, salbuespenezko legedia ezarriko ez balitzaie: «Espetxe politika normalizatua aplikatu izan balitz, preso horien herenak baino gehiago beren etxeetan egongo ziratekeen gaur egun». Sarek eman berri dituen datuen arabera, hain zuzen, 11 euskal preso baino ez daude gaur egun hirugarren graduan, eta 155 bigarren graduan daude, kalifikazio horretatik «mugitu ezinik». Etxerako bidean galga zaie hori: «Baldintzapeko askatasunerantz aurrera egitea eragozten die kondenaren hiru laurdenak betetzen dituztenean».

Hausnarketa txosten batean plazaratu du gogoeta hori Sarek, eta gaur aurkeztu du prentsaren aurrean, Donostian. Sareko bozeramaile Bego Atxa eta Joseba Azkarragaz gain, han izan dira Ramon Zallo eta Iñaki Lasagabaster ere, txostena osatzen lagundu baitute.

Ikusi gehiago: Bertze zazpi euskal preso Euskal Herriratuko dituzte

Dokumentuan ohartarazi dute «inboluzio kezkagarri» bat gertatzen ari dela fiskaltzan eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean: «Espetxeetako Tratamendu Batzordeak poliki-poliki hirugarren gradurako progresioak eta espetxe baimenak onartzen ari diren bitartean, Epaitegi Zentrala neurri horiek errekurritzen ari da, eta hirugarren graduan zeuden presoak espetxera eta bigarren gradura itzuli dira». Hori ekiditeko, eskaera bat egin du Sarek: espetxe zaintzako epaitegien eskumena Euskal Herrira ekar dezatela berriro, 2003 aitzin zegoen bezala. Izan ere, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala Madrilen dago, Espainiako Auzitegi Nazionalaren barnean, eta hark eramaten ditu motibazio politikoko euskal presoen aferak. Preso arrunten kasuak, aldiz, autonomia erkidego bakoitzeko epaitegiek kudeatzen dituzte. Eusko Jaurlaritzak espetxeak kudeatzeko eskumena lortu duen gisan, epaitegietan ere gauza bera gertatzea nahiko luke Sarek: «Hurbiltasun irizpidea funtsezkoa da, baina ez bakarrik administrazio jarduleari buruz hitz egin nahi denean, baizik eta baita espetxe zaintzako epaitegien esku hartzeaz ari garenean ere».

Mugimenduak uste du, hain zuzen, epaitegiek «duten errealitatea zehatz-mehatz ezagututa» jardun behar dutela, eta aztergai dituzten presoen «berri» izan behar dutela: «Premiazkoa da arlo horretan indarrean dagoen legeria aldatzea, espetxe zaintzako epaitegiek berriz ere erantzukizuna izan dezaten Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaitegi zentrala eratzean, 5/2003 Legeari jarraikiz, zentralizazio prozesua hasi aurretik zuten antolaketan».

Legeak berrinterpretatzea

Eskaera gehiago ere egin ditu Sarek: erraterako, indargabetu ditzatela 7/2003 eta 7/2014 legeak. Lehenak «ezkutuko» bizi osorako zigorrak jartzea ahalbidetzen die epaileei, eta, bigarrenak, Frantzian betetako espetxe urteak Espainiako Estatuan ez kontatzea. Sareren ustez, horiek indargabetu eta «salbuespen legeak berrinterpretatu eta legearen, justiziaren eta espetxeen ohiko normalizazio eta funtzionamendu irizpideen ikuspegitik berrikusi» behar dira.

Sarek gogoratu du lege horiek indargabetzearen aldeko iritzia «gero eta handiagoa» dela. Hausnarketa txostenean gogora ekarri ditu, erraterako, Jose Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu emerituak 7/2003 legeari buruz egindako adierazpenak: «Lege krudel, anker eta iraingarria da, preso horiengan utz ditzakeen ondorio fisiko eta psikologikoengatik». Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko magistratuarenak ere bai: «Diputatuen Kongresuan gehiengo parlamentario nahikoa dago —gehiengo osoa— 7/2003 eta 7/2014 legeak indargabetzeko». Sarek, halere, azaldu du horrelako zerbait kudeatzea Espainiako Kongresuan ordezkatuta dauden alderdi politikoei dagokiela: «Haiek erabakiko dute ekimena aurkezteko modua eta unea, dauden indarren korrelazioaren arabera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.