Erresuma Batua

Downing Streeteko festak ikertuko ditu Poliziak

ITV telebista katearen arabera, 2020ko ekainean, konfinamendu betean, 30 lagun bildu ziren lehen ministroaren egoitzan, haren urtebetetzea ospatzeko.

Londresko Polizia Erresuma Batuko Parlamentuaren kanpoaldean. ANDY RAIN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 25a
12:11
Entzun

Azken bi urteotan, Downing Streeteko 10. zenbakian eta gobernuaren egoitzan egindako festak ikertuko ditu Londresko Poliziak. Hala jakinarazi du gaur Cressida Dickek poliziaburuak: «Beldurrik eta begirunerik gabe egingo dugu ikerketa, eta haren emaitzen berri emango dugu».

2020ko ekainean egindako beste festa baten berri eman duten egun berean etorri da ikerketari buruzko albistea. Ordu hartan, konfinamendu betean, Boris Johnson lehen ministroaren urtebetetzea ospatzeko asmoz elkartu ziren 30 lagun, lehen ministroaren egoitzan. ITV telebistak eman du gertatutakoaren berri. Gobernuburuaren lankideek, ordea, esan dute «hamar minutu baino gutxiago» egin zituztela elkarrekin, eta helburu bakarra izan zela Johnson zoriontzea. Garai hartan, baina, gobernuak berak debekatu egin zituen bi pertsona baino gehiagoko bilkurak toki itxietan.

Telebistaren arabera, ekainaren 19an izan zen festa, 14:00etatik aurrera, eta ez zen izan egun hartako bilera bakarra. Arratsalde berean familiako hainbat kide bildu baitziren lehen ministroaren egoitzan. Downing Streeteko 10. zenbakiko eledun batek, baina, gezurtatu egin du halakorik: «Erabat faltsua da hori. Lehen ministroa familiako hainbat kiderekin bildu zen egun hartan, baina, arauak betez, kanpoan egin zuten bilkura».

Iazko abenduan jakin zen lehen ministroak eta haren kabineteko kideek konfinamenduko arauak urratu zituztela. Poliziak, baina, ez du ikerketarik abiatu orain arte. Dicken esanetan, hiru arrazoi nagusi daude horretarako: frogak daude esateko arau hausteetan nahastuta zeudenek bazekitela edo jakin beharko zuketela legea urratzen ari zirela; salaketak ez ikertzea legearen zilegitasuna kolokan jartzea litzateke; eta ez dago arrazoi sendorik egin zutena egiteko. Hala, ikerketak ondorioztatuko balu Johnsonek eta haren kideek arauak urratu zituztela, zigortuak izan daitezke. Dena den, ikertuak izateak ez du esan nahi guztien aurkako neurriak hartuko liratekeenik; Dicken arabera, izandako parte hartzearen araberakoa litzateke hori.

Johnsonek urtarrilaren erdian aitortu zuen berak ere hartu zuela parte lehen konfinamenduaren garaian Downing Streeten eginiko festa batean. Erresuma Batuko Komunen Ganberan onartu zuen gertatutakoa, urtarrilaren 11n. Ordea, festan egon izana nahasketa baten ondorio izan zela esan zuen Johnsonek; hala azaldu zuen hitza hartu duenean. «Lan kontu bat zela uste nuen», adierazi zuen. Polemika piztua da Erresuma Batuan. Ikerketa bat ere bada abian, argitzea helburu duena nork antolatu eta parte hartu zuen festa haietan. Haren emaitzak aste honetarako espero zituzten hasieran, baina orain atzeratu egingo da txostena, Poliziak ikerketa amaitu bitartean. Sue Gray gobernuko idazkariorde eta txostengileak berak segurtasun indarren esku utzi ditu orain arteko ondorioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.