Labi

Aste honetan bilduko da Labi, indarrean diren neurriei eutsi ala ez erabakitzeko

Nafarroak urtarriletik harago luzatuko ditu neurri murriztaileak, EITBk aurreratu duenez. Osakidetza berreskuratzen hasi da bertan behera utzitako zenbait ebakuntza.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urtarrilaren 25a
14:04
Entzun

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur iragarri duenez, aste honetan da biltzekoa Labi, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan birusaren transmisioa eteteko asmoz indarrean diren neurrien inguruko erabakia hartzeko. Ostirala baino lehen batzartuko da Labiren aholku batzordea, orduan amaituko baita neurri murriztaile gehienak indarrean egoteko epea. Bilera noiz izango den Iñigo Urkullu lehendakariak erabakiko du. Sagarduik azaldu du batzorde zientifiko teknikoak helarazitako datuak kontuan hartuta hartuko duela lehendakariak neurriei buruzko erabakia. Ez du argitu hilaren 31z harago Jaurlaritzak COVID ziurtagiria eskatzen jarraitzeko asmorik ote duen.

Bestalde, EITBk aurreratu duenez, Nafarroako Gobernuaren asmoa da egun diren neurri murriztaileak urtarriletik harago mantentzea. Otsailaren erdira arte eutsi nahi die neurriei Maria Txibiteren gobernuak, eta, beraz, Nafarroako Justizia Auzitegiari baimena eskatuko dio urtarrilaren 31 arte indarrean den foru agindua luzatzeko. Bihar hartuko du erabaki ofiziala Nafarroako Gobernuak.

Ikusi gehiago:Eusko Jaurlaritzak eskola kirola baimendu du

Pandemiaren bilakaerari dagokionez, beheranzko joera erakusten dute datuek. Atzo, 5.412 positibo atzeman zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 13.867 proba diagnostiko eginda. Erietxeetako presioan ere sumatzen hasi da arindua, baina oraindik oso handiak dira kopuruak, bai erietxeratuenak, bai hildakoenak, eta «zuhurtzia» galdegin du osasun sailburuak. Sagarduik jakinarazi duenez, 790 pertsona daude gaitzarekin erietxeratuta, horietatik 106 ZIUetan. Egoera apurka hobetzen ari denez, etenak zituzten ebakuntza batzuk egiten hasia da Osakidetza. Goizetan programatutako ebakuntza ia guztiak berreskuratu dituzte ospitale nagusietako batzuetan, eta izurritearen bilakaera gero eta hobea bada arratsaldean programatutakoak ere egiten hasiko direla jakinarazi du Sagarduik.

Nafarroan, berriz, azken orduetako datuek berresten dute kutsatzeek beheranzko joera hartu dutela: 1.836 positibo atzeman dira. Ospitaleetan egonkor dago egoera: 281 paziente daude gaitzak jota, horietatik 32 ZIUetan. Azken orduetan, lau heriotzaren berri eman du foru gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.