Antzerkia

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko urtarrilaren 25a
15:31
Entzun

Otsailarekin batera, badator urtero legez Lautan Hiru: antzerki txiki, festibal handia jaialdia. Iaz, pandemiaren ondorioz, maiatzera atzeratu behar izan zituzten emanaldiak, baina aurten euren «hilabete naturalera» itzuli direla nabarmendu du Iñaki Mendizabal Euskaltzaindiko komunikazioko kideak: «Garai latzak bizi ditugu, baina ilusiorik ez zaigu falta». Izenak berak argi azaltzen du jaialdiaren muina, eta, gehienbat, formatu eta iraupen txikiko lanak egongo dira ikusgai. Aurreko aldietan bezala, Euskaltzaindiak, Bira kulturguneak, Zazpi Katu gaztetxeak eta Cafe Bar Bilbaok elkarlanean antolatu dute, eta, hain zuzen, horiek izango dira ikuskizunak taularatzeko lau agertokiak. Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan.

Aurtengoa da jaialdiaren laugarren aldia. Izatez, Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan antolatu zuten 2019an, eta, emaitzak ikusita, urtez urte errepikatzeko erabakia hartu dute. Izan ere, Adolfo Arejita Euskaltzaindiko idazkariaren hitzetan, beharrezkoa da kulturak «arnasguneak» izatea: «Jaialdi honek plazak eskaintzen dizkie antzerkilariei, eta euren lana hauspotzeko aukera ematen die». Hala ere, hasierako helburu berberak mantentzen jarraitzen dute: euskarazko antzerkia indartzea, batetik; antzerkilariei beren lanak erakusteko espazioak eskaintzea, bestetik; eta Zazpikaleetako kultur giroan eragitea, azkenik.

Otsailaren 3an izango da lehenengo emanaldia, eta datozen hiru ostegunetan egingo dituzte hurrengoak: hilaren 10ean, 17an eta 24an. Guztira, hamaika ekitaldi antolatu dituzte: hamar ikuskizun eta txotxongilo tailer bat. Bakarrizketak, antzezlan laburrak, ipuin kontalariak eta magia daude, besteak beste, aurtengo programazioan. Horien artean, aurtengo Cafe Bar Bilbao sariduna: Bertol Arrietaren Zure sotoko ardoa obraren irakurketa dramatizatua egingo dute.

Berrikuntzaz josita

Aurten, berritasun gisa, haurrentzako egitaraua prestatu dute. «Izatez, bi emanaldi geneuzkan aurreikusita, baina, azken orduan, horietako bat bertan behera geratu da», azaldu du Mendizabalek. Zurrunka konpainiaren eskutik, txotxongilo tailerra egingo dute otsailaren 3an, Zazpi Katu gaztetxean. Bi txandatan egingo da, eta txanda bakoitzean 12 ume sartuko dira. Ondorioz, aurretik lekua gordetzeko gomendioa egin dute antolatzaileek.

Bestalde, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen elkartearekin batera, Ikusle kluba sortu dute. Ikusle talde batek Eneritz Artetxe aktorearen Lakoste antzezlana aztertuko du otsailaren 2an, eta emanaldia hurrengo egunean izango da, Biran. Hala, antzerkizaleen bizipenez hitz egitea lortu nahi da, eta, aldi berean, antzezlanez «gogotik gozatzea».

Era berean, Les Bobe Bobe konpainiaren Udaberria heldu da antzezlanak irabazi du Lautan Hiru, Euskaltzaindiak antzerki ekoizpena sustatzeko iaz abian jarritako laguntza. 1.400 euroko laguntza jaso du, eta antzezlana otsailaren 24an estreinatuko dute, Zazpi Katu gaztetxean.

Jaialdiko bonuak eta sarrerak bihar jarriko dira salgai, Cafe Bar Bilbaon eta Bira kulturgunean. Gainera, bonua erosi dutenen artean, Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura sustatzeko opariak zozketatuko dira astero-astero.

Egitaraua

Otsailak 3:

- 17:30ean, haurrentzako txotxongilo tailerrak (60 minutuko bi txanda). Izen-ematea: [email protected].

- 19:00etan, Susanaren iraultza (Esther Carrizo, 50 minutu), Euskaltzaindiaren egoitzan.

- 20:00etan, Lakoste(Eneritz Artetxe, 40 minutu), Bira kulturgunean.

Otsailak 10:

- 19:00etan, Zure sotoko ardoa irakurketa dramatizatua (Bertol Arrieta, 25 minutu), Cafe Bar Bilbaon.

- 20:00etan, Ogiak hizketan baleki (Mamiak kolektiboa eta Josune V. Mendizabal), Bira kulturgunean.

Otsailak 17:

- 19:00etan, Artistak eta kazetariak 1.0 (Kaitin Allende, 25 minutu), Euskaltzaindiaren egoitzan.

- 20:00etan, Maite Arrese ipuin kontalaria (35 minutu), Zazpi Katu gaztetxean.

- 21:00etan, Noiz utziko dio euria egiteari (Piszifaktoria Ideien Laborategia, 20-30 minutu), Euskaltzaindiaren egoitzatik abiatuta.

Otsailak 24:

- 19:00etan, Tribis-baserri galdue (Jon Ander Urresti, 50 minutu), Euskaltzaindiaren egoitzan.

- 20:15ean, Udaberria heldu da (Les Bobe Bobe, 35 minutu), Zazpi Katu gaztetxean.

- 21:15ean, Tatxan magia ikuskizuna (Imanol Ituño eta Yogurinha Borova, 40 minutu), Bira kulturgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.