Ukraina

Errusia eta Ukraina Parisen bilduko dira bihar, tentsioa baretzeko ahaleginean

Frantziarekin eta Alemaniarekin batera elkartuko dira lau estatuetako ordezkaritza bana. Macronek «diplomaziaren baliabide guztiak» erabiltzera deitu du. Putinekin hitz egingo du telefonoz, aste amaieran.

Errusiako militarrak, joan den astean, Bielorrusian. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 25a
17:51
Entzun

Ukrainako krisiaren ondorioz, balizko gerra baterako mugimenduak bata bestearen ondotik gertatzen ari dira segidan, baina diplomaziaren bidea ez da agortu oraindik. Errusia zain dago AEBek eta NATOk bere eskariei zer erantzungo. Dmitri Peskov Errusiako presidentearen bozeramaileak adierazi duenez, «elkarrizketa amaituta dago oraingoz», Washingtonek eta Atlantikoko aliantzak Moskuren kezkei idatziz erantzun artean. Frantziak eta Alemaniak, baina, negoziaziorako beste esparru bat bultzatu dute alboko bidetik, eta lortu dute Errusiako eta Ukrainako ordezkaritza bana elkartzeko baldintzak sortzea. Bihar bilduko dira Parisen; bi herrialde horiek, Frantziarekin eta Alemaniarekin batera osatzen duten Normandiako laukoaren foroan. Ez dira agintari nagusiak elkartuko, baizik eta horien hurbileko aholkulariak.

Ukrainako presidentetzaren kabineteburu Andrei Iermakek adierazi duenez, «oso keinu esanguratsua» da, gutxienez, Normandiako laukoaren formatua «desblokeatu» egin delako. «Aukera izango dugu su-etenari buruz hitz egiteko, eta hori oso garrantzitsua da», nabarmendu du ICTV Ukrainako telebistan. Hala ere, Frantziari eta Alemaniari ohartarazi die ez dagoela «eztabaida luzeetarako» denborarik.

Ukraina ekialdeko gatazkari irtenbide adostu bat emateko sortu zuten Normandiako formatua, eta elkarrizketek lortu zuten Moskuk eta Kievek Minskeko akordioa sinatzea, 2015ean. Ordutik, baina, su-etena urratzea leporatu diote sarritan elkarri.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Moskurekin elkarrizketa indartzearen alde mintzatu ondorengo egunean iragarri dute bilera. Macronek «diplomaziaren baliabide guztiak» erabiltzeko beharra babestu zuen atzo, Mendebaldeko aliatuen aurrean, «Europan egonkortasuna bermatu ahal izateko». Frantziako presidentearen iritziz, beharrezkoa da Ukrainan giroa «azkar» baretzea. Horretarako, Errusiari ohartarazpen «irmoak eta sinesgarriak» egitea proposatu zuen, elkarrizketaren aldeko apustuarekin batera. Aldi berean, argi utzi zuen Frantziaren «elkartasuna eta laguntzeko prestutasuna beren segurtasunagatik kezkatuta dauden Europako Batasuneko estatuei».

Macronek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak telefonoz hitz egingo dute aste bukaeran, Eliseotik jakinarazi dutenez. Kremlinek baieztatu du elkarrizketa horretarako «prestaketa lanetan» ari direla.

Mosku, kezkatuta

Bide diplomatikoetako ahaleginek ez dituzte geldiarazi balizko gerra baterako mugimenduak. NATOk bere baliabide militarrak indartu ditu Europa ekialdean gerrarako ontzi eta hegazkin gehiagorekin, atzo adierazi zuenez. Eta AEBek esan dute 8.500 soldadu Europara bidaltzeko prest daudela. «Alerta gorenean» jarri dituzte, John Kirby Pentagonoko Prentsa idazkariaren hitzetan. Moskuk «kezka handiz» erreparatu die NATOren eta Washingtonen azken adierazpenei. Hala ere, Peskovek argitu du urrats horiek ez dutela eraginik izango Errusiaren eta Mendebaldearen arteko elkarrizketetan. Moskuk ez du bere jarrera finkatuko AEBek eta NATOk bere eskariei idatziz erantzun arte. «Espero dugu aste honetan izatea».

Errusiak akordiorako zirriborro bana helarazi zien AEBei eta NATOri, joan den abenduaren 17an, segurtasun berme eskeekin. Funtsean, NATOri galdegin zion Europan ekialderantz hedatzeari uzteko konpromisoa, Ukraina aliantzara batzeko aukera oro baztertzea eta erasorako ahal handiko armamentua Errusiatik urruntzea. Washingtonek idatziz erantzuteko konpromisoa hartu zuen joan den ostiralean, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren eta Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariaren arteko bileraren ostean. Bi herrialdeetako diplomaziaburuak prest agertu ziren Moskuk erantzunak jaso ondoren berriro biltzeko.

Azken egunetan, AEBek zabaldu dute Errusiak erabakita duela Ukrainari eraso egitea. Gatazka lehertuko duen gertakari bat prestatzen aritzea ere leporatu diote Moskuri. Erresuma Batuak, berriz, Ukrainako Gobernua botatzeko estatu kolpe bat sustatzen aritzea egotzi dio. Kremlinek behin eta berriz gezurtatu ditu Washingtonek eta Londresek esandakoak.

Ukrainako defentsa ministro Aleksei Reznikovek ez du uste bere herrialdea Errusiaren berehalako inbasio baten mehatxupean dagoenik. «Gaur arte, Errusiako indar armatuek ez dute eratu erasorako talderik, bihar oldartzeko prest daudela adierazi dezakeenik», azaldu du gaur ICTV Ukrainako telebistan. Otsailaren 20an, Pekinen egitekoak diren Neguko Olinpiar Jokoak amaitzen diren egunean, Errusiak eraso egingo duela iruditzen zaion galdetuta, Reznikovek erantzun du probabilitate «txikia» duela aukera horrek, bere iritziz. NATOren arabera, Errusiako armadak 100.000 soldadu baino gehiago ditu pilatuta bere lurren mendebaldean, Ukrainako mugatik gertu, eta halako tropa kopurua muga ondoan pilatzea Ukrainaren aurkako mehatxutzat du.

Moskuk tropak bidali ditu Bielorrusiara ere, ariketa militarrak egitera, eta Bielorrusiako presidente Aleksander Lukaxenkok gaur esan du indartu egingo duela Ukrainarekin duen muga, hara soldadu gehiago bidalita, han egoera «txarra» delako, eta Bielorrusiak «edozertarako prest» egon behar duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.