Lan gatazkak

Bi hilabeteko grebaren ondoren, konponbidea urrun dago Bernedoko Altan

Osakidetzak isuna jarri dio Arabako enpresari, gatazkaren ondorioz botikak jaso ez dituelako.

Altan Bernedoko langileak, Gasteizko Santiago ospitalaren aurrean protestan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2022ko urtarrilaren 25a
18:54
Entzun

Bernedoko Altan enpresako langileek bi hilabete daramatzate greba mugagabean. Iazko azaroan hasi zituzten protestak, lan hitzarmena berritu eta soldatak KPIaren arabera eguneratu diezazkietela eskatzeko. Gasteizko Santiago ospitalearen aurrean egin dute elkarretaratzea gaur goizean, lan gatazka ikusarazteko. Izan ere, Osakidetza da enpresaren bezeroetako bat, eta gatazkak zuzenean eragin dio, grebaren ondorioz Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroek ez dutelako Altanen botikarik jaso. Hori dela eta, Osakidetzak isuna jarri dio enpresari, sindikatuek azaldu dutenez.

Gaur-gaurkoz, etenda daude negoziazioak. Langileek salatu dute zuzendaritzak ez diela ezer eskaini. «Lan baldintzetan murrizketak dakarzkieten neurriak baino ez ditu proposatu», adierazi du Liliana Villamor enpresa batzordeko kideak (ELA). Aldiz, azpimarratu du langileek beren eskari guztiak egokitu dituztela. «Eskatzen dugun bakarra da enpresa ituna berrestea. Soldatak ere gehienez %4 igotzea proposatu dugu, KPIa hori baino gehiago izan arren. Baina enpresak ezetz esan dio horri ere».

Enpresako itunari eutsi diote langileek orain arte, baina 2019an amaitu zen indarrean zegoena, eta lan hitzarmen berri bat adostu nahian ari dira ordutik. Akordiorik lortu ezean, ordea, Kimikaren sektoreko Espainiako lan hitzarmena aplikatuko zaie ekainetik aurrera, eta langileek ez dute hori nahi. «Lan baldintza kaskarragoak ekarriko ditu horrek: hiru lan egun gehiago, bajen osagarriak txikiagoak lirateke, soldata igoera soilik %1ekoa izango litzateke... Guk ez dugu hori nahi, argi eta garbi», azaldu du Villamorrek.

Langileek adierazi dutenez, gainera, ez dute lan faltarik; aitzitik, pandemia hasi zenetik nabarmen egin du gora lan kargak: «Izugarri aritu gara lanean, ekoizpen linea guztietan gainera». Nolanahi ere, langileentzat ezinbestekoa da oraingo baldintzei eustea. «Oraingo baldintzei eustea eskatzen dugu, ez gehiago, ez gutxiago. Horrek ez du dirurik eskatzen, baina enpresak ez du nahi».

Gertukoaren defentsan

Farmazia industriaren sektorean diharduen enpresa da Bernedoko Altan. eta Arabako Mendialdeko enpresarik handiena da. Gaur egun, 150 langile inguru ditu, eta gehien-gehienak inguruko herrietan bizi diren emakumeak dira. 1991. urtean sortu zuten, hainbat erakunderen kapital publikoarekin —Biomendi izena zuen orduan—, baina Altan Pharma taldeak erosi zuen gero, eta iazko ekainetik Frantziako Ethypharm funtsaren esku dago taldea.

Jabeak aldatu arren, langileentzat ezinbestekoa da bereziki eskualdearen errealitateari erantzungo dion ituna izatea. Hala azaldu du Ainara Elorza langileak: «Gurea bezalako eskualde batentzat enplegua izatea garrantzitsua da, baina are funtsezkoagoa da lan baldintza duinak izatea. Bizi garenoi bertan jarraitzea ahalbidetzen digulako, edota, akaso, bizilagun berriak erakar ditzakeelako».

Maiatzean hemezortzi urte egingo ditu Elorzak enpresan lanean hasi zela. Aitortu du gatazka «luzea eta gogorra» dela, baina lankideen arteko elkartasunari esker ari direla eusten: «Langile guztiak elkarrekin egoteak indarra ematen digu».

Aurre egiteko gogoz daudela azpimarratu dute langileek, eta enpresak aldarriei erantzun ezean protestekin jarraituko dutela. Etzi, esaterako, Gasteizko Txagorritxu ospitalearen aurrean egingo dute mobilizazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.