Trenbideak

ETSk trenbidearen egungo ibilbideari eutsiz eraikiko du Zarauzko geltoki berria

Mitxelena kaleko herritarrek obren aurkako hainbat protesta ekintza egin dituzte azken hilabeteetan, eta, gutxienez, lortu dute trenbidea euren etxeetara gehiago ez gerturatzea. Bigarren erraila, ordea, eraikiko du ETSk.

Trenbide bikoitzaren aurkako manifestazioa, azaroan, Zarautzen (Gipuzkoa). ZARAUZKO HITZA
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 26a
13:52
Entzun

Zarauzko (Gipuzkoa) trenbide berria ez da lehen baino gehiago gerturatuko Mitxelena kaleko etxeetara. ETS Euskal Trenbide Sareak abuztuan hasi zituen tren estazio berria eraikitzeko obrak, eta, herritarrei azalpenik eman gabe, martxan jarri zituen egungo trenbidearen eta Mitxelena kaleko etxeen artean bigarren errail bat eraikitzeko lanak.

«Lanak hasi zituztenean, uste genuen hobekuntza batzuk egiteko asmoa zutela, eta gerora konturatu gara lehengo trenbidearen eta etxebizitzen artean bigarren trenbide bat eraikitzen ari direla», azaldu zion bizilagunen izenean Itziar Aldabaldetrekuk Zarauzko Hitza-ri azaroan. Azken hilabeteetan hainbat bilkura egin dituzte auzotarrek, bai euren artean baita udalarekin eta ETSrekin ere, egitasmoaren aurka antolatzeko eta protesta egiteko. Azaroan manifestazio bat egin zuten, Trenbide bikoitza stop lelopean.

Azkenean, lortu dute trenbidea euren etxeetara gehiago ez gerturatzea. Trenbide bikoitza, ordea, egin egingo du ETSk. Lekualdatu egingo du errail berria: Mitxelena kalera beharrean, Lapurdi kalera zabalduko du trazadura; han handiagoa da etxeekiko distantzia. Hegoaldera beharrean, iparraldera. ETSk, gaur argitaratu duen oharrean, azaldu du erabaki hori hartu duela «udalarekin adostuta eta herritarren sentsibilitatea kontuan hartuta».

Bigarren trenbidea ehun metro inguruko maniobra trenbidea izango da. ETSren arabera, noizbehinkako erabilera izango du, Donostialdean trenbide sareko mantentze-lanak egiteko: «Beraz, eragin akustikoak ez du aldaketarik izango», gehitu du.

Eskaera historikoa

Erakunde publikoak azaldu duenez, «Zarauzko geltoki berriaren eraikuntzari esker, gaur egun dauden trenbide instalazioak modernizatzeaz gain, udalerrian trenbide trazaduraren hiri integrazioa hobetuko da». Zarauzko herritarren eskaera historikoa, ordea, trenbidea lurperatzearena da; izan ere, herria bitan zatitzen du egungo ibilbideak.

Udalak eta ETSk, ordea, ez dirudi urratsak noranzko horretan emateko asmorik dutenik. Geltoki berria eta bigarren trenbidea erakitzeaz gain, ETSk herriaren ekialdeari zerbitzua ematen dion San Pelaioko geraleku berria eraikitzeko obrei ekingo die laster. Udalak, berriz, Mitxelena eta Lapurdi kaleak lotuko dituen azpiko pasabide berri bat eraikitzeko asmoa du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.