Elikagaiak

Europan saltzen den oreganoaren ia erdia beste zerbaitekin nahastuta dago

Europako Batzordearen ikerketa batek iruzurra aurkitu du sei espezietan: nagusiki oreganoan, baina baita piperbeltzean, kominoan, kurkuman, azafraian eta piperrautsean ere.

Azafrai laginetan aurkitu dituzte baimendu gabeko koloratzaile gehien. ELISA LADERAS / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 26a
14:41
Entzun

Ohikoa da saltokietan saltzen diren espezieak aizunduta egotea. Hori utzi du agerian Europako Batzordeak argitaratutako ikerketa batek. Batzordearen ikerketa zentroak 21 herrialdetan jasotako 1.885 produktu aztertu ditu, sei espezia ezberdinenak: oreganoa, piperbeltza, kominoa, kurkuma, azafraia eta piperrautsa. Azaldu dutenez, gai horri buruz sekula egin den ikerketarik handiena da.

Emaitzak deigarriak dira: aztertutako produktuen %17 beste zerbaitekin nahastuta dago. 1.885 produktutatik 323. Produktu aizunduena, nabarmen, oreganoa da: aztertutako oregano laginen %48k iruzurra zuten. Piperminaren kasuan %17 zeuden aizunduta, kominoaren kasuan %14, azafraiarenean %11, kurkumarenean %11, eta piperrautsarenean %6. Ondorioz, Europan saltzen den oreganoaren ia erdia ez da oregano hutsa, eta batzordeak kontrol gehiago eskatu du.

Eta zerekin nahasten dituzte ba espezie horiek? Nagusiki, beste landare batzuekin. Hori arriskutsua izan daiteke, batez ere alergikoak diren pertsonentzat, ez baitakite zehazki zer kontsumitzen ari diren. Laginen %2an, berriz, baimendu gabeko koloratzaileak topatu dituzte. Kasu hori nabarmena izan da, adibidez, azafraiaren kasuan: aztertutako 141 azafrai laginetatik 12tan aurkitu dute halako koloratzaileak.

Nahasteko erabili den materiala bat edo bestea izan da ere, ikerketa zentroak azpimarratu du iruzur larria dela produktuak aizuntzearena, «erabiltzailea prezio altuago bat ordaintzen ari delako kalitate gutxiago duen produktu batengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.